Bilbao Izan programako bisitak Errekaldeberrin izango dira urrian

Bizkaie! 2021-09-20 12:59   Kulturea

Uriko auzoetako historia, ondarea eta bitxikeriak modu atseginean erakustea da asmoa.

Errekalde plazea da auzoaren bihotza (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak uriko auzoak ezagutzera emoteko dobako bisitaldi gidatuak antolatuko ditu urrian be, hilero egiten dauen lez. Oraingo honetan, 7. barrutiko auzo batera joko dabe, Errekaldeberrira hain zuzen. Bilbao Izan programearen parte diran Ezagutu oinez eta Ezagutu familian bisiten bidez, beraz, inguru haretako historia, ondarea, bitxikeriak eta bizimodua azalduko deutsez parte-hartzaileei. 

Sasoi bateko Abandoko eleizateko landa-auzoetako bat izan zan Errekaldeberri, baserri, ortu eta txakolindegi ugariduna, harik eta Bilboko industrializazinoaren eraginez fabrika eta etxebizitza-blokez beteten hasi zan arte. Hortaz, aldaketa sakonak bizi izan dituan auzoa da. 

Ezagutu oinez bisitaldiak ordu eta erdi ingurukoak izango dira. Astelehenetik barikura, 10:30ean eta 18:00etan egingo ditue; zapatuetan, 10:30ean eta 12:30ean. Eguen arratsaldeetako bisitak euskeraz izango dira. Ganera, beste momentu baten bisitea euskeraz egin nahi dauen talde bat egon ezkero, Bilboko Udaleko Kultura Sailagaz berba eginda adostu leikie hitzordua. 

Bestetik, Ezagutu familian bisitak familian egiteko egokituta dagoz, batez be umeak daukiezanei begira. Olgeta, ipuin eta asmakizunen bidez ezagutuko dabe parte-hartzaileek Errekaldeberri. Kasu honetan, urriaren 17an eta 24an izango dira bisitak (biak domekea), 10:30ean eta 12:30ean. Elebidunak dira bisitaldiok, euskeraz eta gaztelaniaz. 

Irailaren 23an hasiko da Errekaldeberriko bisitaldi gidatuetan izena emoteko epea. Erreserbea Bilbao Kultura webgunean egin behar da, doban. Ezagutu oinez bisitak Errekalde plzan hasiko dira eta Ezagutu familian, Ametzolako geltokiaren Gordonizeko urteeran. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu