Ondare irisgarria eta inklusiboa jorratuko daben 214 proposamen kultural eskainiko ditu Bizkaiak urrian
2021-09-16 13:36 KultureaKultur jarduerak Ondarearen Europako Jardunaldien barruan egingo dira.
Bizkaiak XXI. edizioa izango dau, Guztion ondarea, danok parte! Ondare irisgarria eta inklusiboa goiburupean. Berrogeita hamar udalerrik eta ehun organismok eta kultur alkartek baino gehiagok osotuko dabe edizio honetan egitaraua, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinauta. Jardueren programea www.ondareabizkaia.eus webgunean edo ohiko lekuetan egongo diran katalogoetan konsultau daiteke. Erreserbak sarean, telefono bidez edo posta elektroniko bidez egin ahal izango dira. Ondarearen Europako Jardunaldien informazio guztia www.ondareabizkaia.eus webgune barrian dago.
BFAko Euskera, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbao Ibarrak gaur goizean aurkeztu dau urrian Bizkaian gauzatuko diran Ondarearen Europako Jardunaldien XXI. edizinoa. Ondare irisgarria eta inklusiboa gonbidapena egin jake Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien sareko persona eta erakunde guztiei, alkarrizketarako eta ekintzarako markoa zabaldu eta hartzaile gehiagogaz konektau deien. Esangura horretan, kultura ondarearen aurkezpenean eta interpretazinoan ordezkaritza eskasa izan daben edo baztertuak izan diran taldeakaz topaketa eta prozesu inklusiboak sustatu dira.
Diputatuak azaldu dauenez, Guztion ondarea, danok parte! Patrimonio accesible e inclusivo’ goiburuak ezin hobeto finkatzen dau bizipenak eta ikuspegiak alkarri azaltzeko eta danontzako moduko programea gozetako esparrua, personak erdigunean jarrita. Kultura ondarea komunidadeko personen adierazgarria baino ez da: geure baloreak, sinisteak, ezagutzak eta ohiturak adierazoten ditu. Horregaitik, dano eskubidea da kultura ondarea gozetea. Horixe da aurten aldarrikatzen doguna: ondare inklusiboa, kidetasunean, libre, lasai, traba barik, gustora bizitea gure kultur esperientzia.
Nabarmendu behar da edizino honetan 53 gizarte kolektibo barri batu jakezala 100 organismo eta alkarte kulturalei. Kolektibo guztien laguntzea oinarrizkoa izan da jarduerak diseinetako prozesuan. Jarraian zerrendatutako erakundeek lehenengoz parte hartu dabe persona guztiei zuzendutako askotariko proposamenak jasoten dituan programa: ONCE Fundazinoa, Gorabide, Karenka, Fekoor, Andra Mari Zentro Okupazionala, Asebier, Gaude, Argia, FormArte, Síndrome de Down Fundazioa, Retina Bizkaia Begisare, Adisa eta ADIZMI.
Urrian udalak, museoak, turismo bulegoak, naturearen nahiz ondarearen interpretazino zentroak, kultura alkarteak eta auzokideen alkarteak eta gizarte erakundeak ibiliko dira, Bizkaiko Foru Aldundiak koordinauta, ondarea persona guztiei hurreratuko deutsen egitaraua aurrera eroaten.
Danetara, 214 jarduera izango dira Bizkaiko urriko agendan, besteak beste, bisitak, ibilbide eta ibilaldi gidatuak, tailerrak, berbaldiak, mahai-inguruak, topaketak, lekukotzak, ipuin kontaketak, erakusketak, kontzertuak, ikus-entzunezkoen proiekzinoak, bideo-forumak, lehiaketak eta ginkhana formatuko jarduerak.
Proposamenon bidez, Bizkaiko 53 udalerritan aniztasun funtzionala, fisikoa eta adimenekoa, entzumenekoa eta bisuala jorratuko dira eta horren adibide dira Fekoor Alkarteak atondutako, izan be, hizkuntza dinamiko eta sinplearen bidez, zeinu-hizkuntzearen eta erliebeko irudien bidez, Lamiakoko historiaren barri emongo da. Getxok be hainbat proposamen aurkeztu ditu, hamabost jarduera, hain zuzen, Gorlizen, Gernika-Lumoren, Etxebarriren, Portugaleteren eta Urduñaren kasuetan legez.
Museoek be heldu deutse bisita eta tailer irisgarriak eta inklusiboak sortzeko erronkeari eta lankidetzan ibili dira tartean dagozan kolektiboakaz. Abanto-Zierbenan, Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoak eta ADIZMI Alkarteak (Aniztasun funtzionala daben personen aldeko Meatzaldeko alkartea) bisita gidatuak eskainiko ditue eta antzera ibiliko dira Santurtziko Itsas Museoa, udalerriko hainbat alkartegaz batera; Ziortza-Bolibarko Simón Bolivar Museoa; Enkarterrikoa edota Karrantza Haraneko Dolomitas Museoa.
Arkeologi Museoak Once Fundazinoaren eta Retina Bizkaia Begisaregaz batera museoko aretoetara bisitak atondu ditu, errealidade birtualeko betaurrekoen bidez. Ikusmenaren Mundu Eguna ospatu eta persona itsuei zuzendutako izakera parte-hartzaileko bisita bat egingo dabe.
Bitxikerien artean, Zallako topaketa gastronomikoa nabarmendu behar da, Begiak Zarratua.
Bestalde, Santurtziren kasuan, arrain enkante antzeztua egingo da, aniztasun funtzionala eta genero bardintasuna batuko dituana.
1937ko Burdin Hesiko Eperlanda I kokalekua ezagutu ahal izango da Gamiz-Fikan, modu dinamiko eta sinplean. Bisitariek euren eskuakaz ukutu ahal izango ditue aztarna arkeologikoak.
Aniztasun funtzionalaz gan, programak barrubatzen ditu kultura eta erlijino ezbardinak islatuko dituen jarduerak, berbarako, Agiantza Alkarteak hainbat jarduera atondu ditu Bilboko San Luis meatzeetako migrazinoen historiaren bueltan. Adibide barritzailea da KOOP SF 24 kultur alkarteak eskainiko dauena be: Bilboko Udalaren eskutik, bisita gidatuak eskainiko ditu San Frantzisko eta Bilbo Zaharra auzoetako historia kultu-arteko ikuspegi batetik ezagutzeko. Bestalde, Txirrikleta Alkarteak 7. barrutiko auzoak erakutsiko ditu.
Bilbotik kanpo, Arrigorriagak eta Aulestik migratzaileen oroimena ezagutarazoteko topaketak atondu eta protagonisten lekukotzak eta esperientziak plazaratuko ditue.
Elorrion, ostera, langile auzoetan zehar bisita gidatuak egingo ditue industria ondarearen eraldaketea egiaztatzeko.
Te arabiar/berberearen zeremonia ezagutzeko aukerea egongo da Urduñan, Turismo Bulegoaren eta Edade Txikikoen Egoitza Zentroaren lankidetzeari esker eta te txinatarraren zeremonia be bai. Bestalde, kafeak ijito herrian dauen garrantziaren barri emongo da. Ikasketa Txinatarren LuXun Alkarteak eta Kale dor Kayiko Alkarteak atonduta.
Horrezaz gan, Lekeitioko kultur alkarteen topaketa gastronomikoan askotariko errezetak ezagutu ahal izango dira.
Amorebieta-Etxanoko eta Urduñako kultur alkarteek batera lan egin dabe jantza eta kantu ikuskizun bi eskainiz udalerri bietako kultur aniztasuna islatzeko.
Dimako Udalak, Txumuluxueta kultur alkarteagaz, Antzasti Euskaldunon Etxeagaz eta Dima Harrera Herriagaz batera, topaketa euskal-afrikar baterako deia egin dau, ahozko tradizioak eta tradizino gastronomikoak konpartiduteko.
Markina-Xemeinek ipuin kontaketak eskainiko ditu, udalerrian bizi diran jatorri geografiko askotako persona eta alkarteakaz batera.
Gainera, Barakaldoko Euskal-Eslaviar Alkartearen, Ukraina-Euskadi Alkartearen, Ikasketa Txinatarren LuXun Alkartearen eta Bilboko Institutu Txinatar-Japoniarraren erakusketa be ezin ahaztu.
Tailerren bidez nahiz Mungiako Udalak emakume arabiarren Marwa Alkarteagaz eta senegaldarren Senmungi Alkarteagaz batera atondutakoen bitartez, gure hurreko aberastasun kulturala jasoko dogu.
Gainera, jarduerak sustatuko dira emakumeek kultura ondareari egindako ekarpenak autortu eta ikusarazoteko ibilbideen edo erakusketen bitartez, besteak beste, Arrigorriagan, Artzentalesen, Busturian, Muskizen, Santurtzin eta Sopuertan.
Bizkaiko LGTBI komunidadearen historia be ezagutarazoko da eta horretarako, Bilbao Bizkaia HARROk bisita gidatu bi egingo ditu Bilbon. Kolektiboaren historia ezagutu ahal izango da argitaratu bako dokumentuen bidez eta LGBTIQ mobimentua bizi izan daben edo horren barruan parte hartzen daben personen lekukotza zuzenen bidez.
Gazteen eta nagusien parte-hartzea bultzatzea da edizino honetako beste helburuetako bat, belaunaldien arteko tailerren bitartez. Nagusien lekukotzak gazteenakaz konpartiduko dira Artzentalesen, Bermeon, Garain, Getxon eta Ugao-Miraballesen, besteak beste, bizimoduen eta ohituren eraldaketea edo kultur paisajea lako gaiak jorratuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!