PEN International-en eta Euskal PENen historiaz liburu bi argitaratu ditue
2021-09-14 13:36 KultureaPEN International-aren 100. urteurrenean.
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol saileko Lorea Bilbao Ibarra diputaduak eta Euskal PENeko zuzendaritzako kideak diran Urtzi Urrutikoetxeak eta Laura Mintegik, PEN International-en eta Euskal PENen historiaz argitaratu diran liburuen aurkezpena egin dabe Euskerearen Etxean.
1921ean jaio zan PEN International-ek 100 urte bete ditu 2021 urtean. Mendeurren horren harian nazinoarteko erakundeak liburu grafikoa argitaratu dau darabizan hiru hizkuntzatan, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz. Liburu osoaren euskerazko bersinoa be argitara emon da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Etxepare Euskara Institutuaren babesari esker.
Argitalpenok euskal kulturari egiten deutsen ekarpen baliotsuagatik babestu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.
PEN International-ek 100 urte bete dituala eta, euskerazko bersinoaren azken atalean Euskal PENen historia be gehitu da. Atal horren aparteko separatak Euskal PEN hiru saltotan titulupean aurkeztu da jentaurrean.
Euskal Pen
1950 urtean jaio zan Manuel de Irujo, Manu de la Sota eta Manu de Intxausteguiren eskutik, erbestean eta lehenengo zuzendaritzea Seber Altube, Jean Elizalde, Henri Gavel, Justo Garate, Nicolas Ormaetxea Orixe, Piarres Lafitte, Ixaka Lopez Mendizabal, Jokin Zaitegi, Michel Etcheverri, Xabier Iratzeder, Isidoro Fagoaga, Manuel Irujo, Xabier Landaburu eta Manuel de la Sota idazleek osotu eben. Idazkari bi izentau zituen, Andima Ibiñagabeitia eta Jon Mirande eta Edinburgon egindako kongresuan parte hartu eben. Egoera larria bizi eban euskal kultureak eta bizialdi laburrekoa izan zan lehen Euskal PEN Bilkurea, urte gitxian itxi eutson jarduteari baina abiapuntu garrantzitsua ezarri eban. Txomin Peillen, PEN talde haretako kidea, egungo Euskal PENeko ohorezko presidentea da.
1987an barriro egin zan ahalegina, orduko haretan Euskal PEN Kluba izenaz eta bizpahiru urteko bizialdia izan eban. Orduko haretan be hainbat idazlek bultzatu eben taldea: Jean Louis Davant, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Bitoriano Gandiaga, Jose Azurmendi, Txomin Peillen, Joseba Sarrionandia, Eñaut Etxamendi, Laura Mintegi, Joxe Agustin Arrieta, Martin Ugalde, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Patxi Zabaleta, Juan Mari Lekuona, Mikel Antza, Patri Urkizu, Manex Goienetxe, Xabier Mendiguren, Pablo Sastre, Xarles Bidegain, Josu Landa, Xabier Montoia eta Josemari Velez de Mendizabal.
2004an, eta gaur egunera arte, hirugarrenez hasi zan Euskal PEN taldea. Euskaldunon Egunkaria zarratzeak, 2003an, nazinoarteko alkartasun olatu zabala ekarri eban, English PEN eta PEN Català lako taldeen eskutik eta holan batu zan barriro PEN International-en inguruan euskal idazle eta kazetarien talde barri bat. Tromsoko kongresuan aho batez harrera beroa egin eutsen Euskal PEN taldeari.
Hamazazpi urteotan ekimen ugari egin izan ditu PENek lau batzordeetan; Idazle Jazarrien aldeko Batzordean, Itzulpena eta Hizkuntza Eskubideen aldeko Batzordean, Emakume Idazleen Batzordean eta Bakearen aldeko Idazleen Batzordean.
Nazinoarteko bileretara euskerearen eta euskal kulturearen barri emoteaz gan, Basque Writing izeneko aldizkaria be eroan izan dabe han-hemenka; euskeraz eta ingelesez argitaratzen dabe eta gure literaturako izenik esanguratsuenek parte hartu dabe: Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Kirmen Uribe, Mariasun Landa, eta beste asko. Mundu zabaleko kanpainakaz be bat egin dau, Turkiara egindako misinoan, Iranek heriotzara zigortutako idazleen kasuan, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan agerraldiak eginez eta Donostia 2016 lako ekimenetan buru-belarri jardunez: Ondoi Etorri jardunaldiak edo Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa dira horreen adibide bi.
Zuzendaritza taldeko kideak izan dira Joxemari Iturralde, Eider Rodriguez, Lutxo Egia, Fito Rodriguez, Paddy Rekalde, Asier Serrano, Teresa Toda, Paul Bilbao, Juanjo Ispizua, Hasier Rekondo, Joseba Tobar-Arbulu, Gari Berasaluze, Itxaro Borda, Maialen Sobrino eta Xabi Paya. Laura Mintegi presidentea izan zan 2004tik 2012ra, Urtzi Urrutikoetxea 2012tik 2021era eta 2021etik Laura Mintegi barriro be.
Hiru ardatz nagusik gidatzen dabe PEN International-en eta Euskal PENen jarduerea: adierazpen askatasunaren alde edozein erasoren aurrean, hizkuntza gitxituen eta euren kulturen alde eta emakume idazleen ikusgarritasuna. Helburu horiek gogoan, ugari izaten dira PEN taldeek munduan zehar egiten dituen
ekimenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!