XII. Ja! jaialdiak nazinoarteko parte-hartzaileak izango ditu

Bizkaie! 2021-09-14 12:47   Kulturea

Baikortasuna eta bizipoza sustatzea da helburua.

Hemen da XII. Ja!, Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdia, urriaren 1etik 10era. Aurtengo egitaraura 14 ekitaldi batu ditue, umore onaren hainbat aktibista izango ditu protagonista, txertoei esker, pixkanaka normaltasunean aurrera goazela berresteko asmoz, izan be, 2020an muga guztiak zarratu ziran pandemiaren ondorioz eta, aurten, zeozelako normaltasunaren seinale, hiru idazle frantziarrek parte hartuko dabe (Hervé Le Tellier, Philippe Lançon, Mathias Enard) eta argitalpen barrien egile asko be izango dira: Los vencejos, Subidón, Feria, Los años extraordinarios; Vivir no es tan divertido, y envejecer, un coñazo, ‘a casa del ahorcado, La muerte del hipster, La anomalia...

Jaialdiaren zortzi egunetan zehar, berbaldiak, alkarrizketak, proiekzinoak, antzezpenak eta irratsaioak izango dira, Bilbo erdigunean dagozan entzunareto nabarmen bitan: Elkarte Filarmonikoaren Aretoa eta BBK Aretoa. Sarrera zenbakitua eta dobakoa izango da. Erriberako Azokeak eta Bilboko Metroak erakusketa bina hartuko ditue. Erriberako Azokeak Umore Grafikoko VII. Eskola Lehiaketako lanak erakutsiko ditu eta Indautxuko, Moyuako eta Alde Zaharreko geltokietan, hamar panel handi egongo dira, Flavita Bananaren binetakaz. Egilearen binetetan umore garratza eta zorrotza da nagusi eta askotan zentsurea eragiten dabe.

Egitaraua

Jaialdiaren 12. edizioa urriaren 1ean hasiko da, Alkarte Filarmonikoaren Aretoan, Juan Soto Ivarrek eta Ana Iris Simónek ‘La feria de los ahorcados’ izenburupean izango daben barriketaldiagaz, puritanismo barriaren agerpenari eta horren ondoriozko atzerapen tribalei buruz egingo dabe berba, izan be, topaketearen zuzendari diran Juan Basek eta Carolina Ontiverok dinoen legez, Ja! oso kritikoa da umorearen oinarrizko askatasunari eraso egiten deutsen atzerapen horreekaz.

Hervé le Tellier idazleak eta haren azken liburua (La anomalía) itzuli dauen Pablo Martín Sánchezek hartuko deutse erreleboa. Oulipo izeneko taldearen kide dira biak. Narrazionoagaz esperimentetan dauen abangoardiako taldea da, eta Raimond Queneauk sortu eban 60ko hamarkadan.

Zapatuan, egitaraua bikotxa izango da: Elena Sierrak Fernando Aramburu, Patria fenomeno sozial eta literarioaren egilea, alkarrizketatuko dau. Aramburuk Los vencejos plazaratu barri dau, tragedia eta komedia naturaltasunez nahasten dituan eleberria. Jarraian, Rodrigo Cortések eta Arturo González-Camposek euren ikuspegi umoristikoak buztartu eta publikoagaz konpartiduko ditue.

Asteari amaierea emoteko, domeka arratsaldean, Paco Plaza zinemagileak bere umorezko hamar sekuentziarik gustukoenak aurkeztuko ditu. Zuzendariaren lanetako batzuk dira REC, Verónica, Quien a hierro mata eta laster estreinauko dan La abuela bildurrezko filma. Lehenago, goiz horretan bertan, Javier del Pinoren A vivir programea egingo dabe zuzenean, Alkarte Filarmonikoan.

Egun biko deskantsuaren ondoren, Ja! jaialdia urriaren 6an bueltauko da, BBK Aretoan: El humor de dos cuentistas izenburupean, Cristina Fernández Cubas eta Pedro Ugarte barriketan ibiliko dira: Idazleek gitxi behar dabe normaltasun-etxurearen azpian, ezustekoetarako, bitxikerietarako eta danok barruan daroaguzan askotariko munstro barregarri eta bildurgarrietarako lekua be badagoala nabarmentzeko.

Hurrengo egunean, Azul Tejerina eta Joaquín Reyes batuko dira BBK Aretoan. Joaquín Reyes belaunaldi oso baten umorean eragina izandako La hora chanante eta Muchahada Nui telesaioakaz bihurtu zan ezagun. Publikoa barre-algaraka ibiliko da haren lehen eleberriaren aurkezpenean: Subidón. Emilio Escribano dogu istorioko protagonista, Cuencako komiko profesionala.

Egitarauaren gainerako ekitaldi guztiak Bilboko Alkarte Filarmonikoaren ganbera-areto ikusgarrian egingo dira. Urriaren 8an, Emilia Pardo Bazánen lanaren umorea aldarrikatuko dabe Isabel Burdiel historialariak eta Antonio Orejudo literatura-irakasleak, Carolina Ontivero Ja! jaialdiaren zuzendarikidearen begiradapean. Gero, Luz Sánchez-Mellado eta Oscar Tusquets arkitekto, diseinatzaile, margolari eta idazlea patxadaz ibiliko dira barriketan; azken horrek ‘Vivir no es tan divertido, y envejecer, un coñazo’ izenburu adierazgarria jarri deutso haren gomutak jasoten dituan lanari.

Zapatuan, landa-fenomenoari buruzko literaturea izango da protagonista. Mathias Enard eta Daniel Gascón trebe-trebeak dira uriko eta giza espezien arteko talkak islatzen eta euren eretxiak konpartiduko ditue. Eta ‘nekazaritzearen xarman’ sartu ostean, 2015ean Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren erredakzinoaren kontrako erasotik bizirik urtendako Philippe Lançonen ahotsa indarrez entzungo da aretoan. Jazoera horren ondorioz, haren bizitzea eta umorea desbardinak dira, haren azken lanean, ‘Crónicas del hombre de antes’, batutako artikuluetan ondo islatzen dan bezela.

Jardunaldiari amaierea emoteko, bertaratuek Kar Kar Festa euskal umorearen galeagaz gozauko dabe. Ekitaldia Ja! jaialdiaren eta euskal kulturea sustatzeko eta transmitiduteko helburua dauen Loraldia alkartearen arteko lankidetzearen lehen emoitzea da eta Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak zuzenduko dabe. Duo komikoak zentzunik bako umorezre betetako ikuskizun bi aurkeztuko ditu: ‘Txilin Hotsak’, Tranpola eta Metrokoadroka konpainiek batera produzidutakoa eta ‘Salaketa’, Tartean konpainiarena.

Komunikazinoaren hiru personaia handik gidatuko dabe jaialdia amaitzeko ekitaldia: Maruja Torres, Edu Galán eta ‘Maricón perdido’ telesailaren egile dan Bob Pop. Ez dabe inor epel itxiko, bizitzea kabareta dala aldarrikatuko baitabe, ‘La vida es un cabaret’ izeneko lanean.

Karrtela 

Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiaren 12. edizioaren kartelean, xiringa bategaz ordeztu da Ja! logotipoaren harridura-ikurra, erremedioaren, zorigatxa gainditzearen eta halabeharrezko umore-senaren adierazgarri:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu