Helena Goñi, Daniel Llaría eta Izaro Ieregiren erakusketeagaz hasi da Bosteko

Bizkaie! 2021-09-14 09:33   Kulturea

Arrigorriagako erakusketa-aretoan ikusi ahal izango da urriaren 3ra arte.

Bosteko21 progama kulturalak Zurtz eginda, zure gorputza noiz agertuko aurkeztu dau. Erakusketa ibiltari honen hogeita laugarren edizinoak Helena Goñi, Daniel Llaríaren eskultura eta bideoak, Izaro Ieregiren performance-a eta eskulturak erakusten ditu.

Erakusketea Arrigorriagako erakusketa-aretoan ikusi ahal izango da urriaren 3ra arte, Basauriko Arizko torretxean urriaren 6tik 27ra, Getxoko erakusketa-aretoan urriaren 30etik zemendiaren 20ra, Zelaieta Aretoan (Amorebieta-Etxano) zemendiaren 23tik abenduaren 13ra eta Kultur Leioan, abenduaren 15etik urtarrilaren 8ra.

Bosteko erakusketa ibiltaria

Artearen ezagutarazotea da asmoa jenteak eskuragarri izan daian, aparteko garrantzia daben praktika artistiko garaikideak ikusgai jarriz, dagoeneko ospe handiko artisten lanen erakusketearen bidez. Arrigorriagako Udalak, Basauriko Udal Kultur Etxeak, Getxoko Kultur Etxeak, Leioako Udalak-Kultur Leioak eta Ametx Erakunde Autonomoak atondutako erakusketa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dau.

Begoña de Ibarra BFAko kultura zuzendari nagusia eta Arrigorriagako alkateak aurten Arrigorriagan hasi dan Bosteko erakusketearen hogeita laugarren edizinoa aurkeztu dabe artistakaz batera. Bosteko 2021 erakusketan hiru artistaren lanak aurkeztu ditue: Helena Goñi, Daniel Llaría eta Izaro Ieregi; Idoia Leache eta Iván Gómez, barriz, komisario lanetan ibili dira.

Helena Goñi (Erretratugintzea)

Artista honek beste batzuen eskutik bere eguneroko personala sortzen dau. Haren itxaropenak zein porrotak eta bere belaunaldiko desioak zein desengainuak aegindako erretratuen bidez buztartzen dira.

2013. urtean graduau zan Arte Eder ikasketatan (UPV/EHU). Oraintsu New Yorken bere ikasketakaz jarraitzeko Fullbright bekea jaso eta bakarkako zein taldekako hainbat erakusketatan parte hartu dau. 2016an, Ertibil deialdiko hirugarren saria irabazi eta 2020an, barriz, lehen saria.

Daniel Llaría (eskulturea/bideoa)

Artista honek aurkezten deuskuzan eskultura zein bideotan begiradearen politikea, ikustea eta ikustarazotearen sistemea, klase burrukearen ikuspuntutik jorratzen da.

2009. urtean, Arte Ederretan lizentziau (UPV/ EHU) eta Fullbright beka bati esker Parsons - The New Schoolen (New York) egin zituan masterreko ikasketak. Bakarkako zein taldekako hainbat erakusketatan parte hartu dau. 2018an eta 2020an, Ertibil deialdiko hirugarren sariak irabazita dago, hurranez hurran.

Izaro Ieregi (performance/eskulturea)

Artista honen piezak gorputzearen osogarri batetik eskulturara igarotako objektuak eregitako ideatik sortu dira. Gorputzetik objektura eta kontrako noranzkoan igaroteagaz temati saiatuz eta denpora guztian eskultura bat eregiteko prozesua gogoan, gorputz ariketa bat balitx lez.

2010. urtean, Arte Ederretan lizentziau zan (UPV/EHU) eta ikasketakaz jarraitu eban JAIn (Jardun Artistikoen Institutua) eta gaur egun DAI programan dago (Dutch Art Institute). Bakarkako zein taldekako hainbat erakusketetan parte hartu dau. 2018. urtean, Ertibil deialdiko bigarren saria irabazi eban eta 2019an, barriz, hirugarrena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu