Bost Jantza Sari Nazional izango dira Bizkaian 2021eko Jantzaldian

Bizkaie! 2021-09-14 08:58   Kulturea

Bilboko Nazinoarteko 22. Jantzaldia irailaren 23tik abenduaren 5era izango da.



2021eko Jantzaldia
k, Bilboko Nazioarteko XXII. Jantza Jaialdia jantza garaikidearen egungo jokeren erakustaldi bikaina eskainiko dau, bertoko, nazino mailako zein nazinoarteko artisten bidez. Aurtengo kartelean, Nazino mailako bost Jantza Sari be badira eta horreen artean nabarmentzen dira oraintsu saritutako Jesús Carmona (2020ko Sari Nazionala Sorkuntza modalidadean) eta Iratxe Ansa (2020ko Sari Nazionala Interpretazino modalidadean).

Carmona oraindini estreinau bako Baile de bestias ikuskizunagaz etorriko da Bilbora (Guggenheim Museoa, zemendiak 13). 2020 – 2021 Benois de la Danse nazinoarteko saria jaso eban bagilean (Jantzearen Oskar saritzat hartua) eta horren ostean estreinauko dauen lehen lana da. Gainera, jantzari kataluniarrak masterclass bat eskaini eta aukera aparta izango da mundu mailako jantzari handienetako batengandik ikasteko. Ansak, bestalde, Igor Bacovichegaz batera osotzen dauen konpainia ekarriko dau, Metamorphosis Dance, Al desnudo ikuskizuna aurkezteko (Barakaldo Antzokia: urriak 1). Jantzari eta koreografo gipuzkoarrak Jantzaldiaren aurreko edizinoa inaugurau eban 2020ko irailean, hain zuzen, aitatutako sariaren hartzailea izango zala jakin baino hiru aste lehenago.

Baina Carmona eta Ansaren presentziaz gan, La Intrusa gasteiztarrak be egongo dira (2015eko Jantza Sari Nazionala – Sorkuntza modalidadea). Sonora pieza laburragaz parte hartuko dabe, publiko familiarrarentzako sortutako dobako saio batean (Zabalgune Eraikina; urriak 29). Han izango dira Sharon Fridman (147 abrazos lanagaz) eta Berlinen bizi diran Frantics Dance Company italiar-espainiarrak be (Space lanagaz). Beste Sari Nazional bi be izango dira alkarregaz La desnudez ikuskizun ospetsuan (hiru Max Sari 2018an – Ikuskizuna, Koreografia eta Interprete maskulinoa-). Daniel Abreuk sortua (2014ko Jantza Sari Nazionala – Sorkuntza modalidadea), muntaketa hau ezin izan da oraindino Bizkaian ikusi, estadu mailan zein nazinoartean sekulako erantzuna izan dauen arren. Abreuk berak errepresentauko dau Bilbon (Azkuna Zentroa; zemendiak 25), Dácil Gonzálezegaz batera (2019ko Jantza Sari Nazionala – Interpretazino modalidadea).

Danetara, 2021eko Jantzaldiak 12 hitzordu izango ditu eta bederatzi ikuskizun izango dira (Altraste arabar konpainia, Álvaro Murillo jantzari ikonoklastea eta David Marques portugaldarra be kartelean dagoz). Gainera, bestelako jarduerak be iragarri ditue, besteak beste, zinemea, liburuaren aurkezpena ("Jantza kudeatzeko aholku praktikoak") edo Jesús Carmonaren masterclass saioa. Jaialdiko ohiko eremuez gan, Guggenheim Bilbao, Azkuna Zentroa, Zabalgune eraikina, Rekalde aretoa edota Deustuko La Fundición (jaialdiaren sustatzaile eta programatzailea), aurten Barakaldo Antzokiak be parte hartuko dau eta 2021eko Jantzaldia Bilbotik harago be joango da.

Jantza garaikidea gizartera hurreratzea da jaialdiaren helburu nagusia eta, beraz, saio batzuk doban izango dira (lekua bete arte); aldiz, besteetarako sarrerea erosi beharko da, baina prezio irisgarriakaz, 7 eurotik aurrerakoak. 2021eko Jantzaldiaren egoitzen bidez eskuratu ahal izango dira (webgunea eta leihatilak). Jaialdiaren egoitza guztietan indarrean dagozan osasun arauak aplikauko dira (% 60ko edukierea, maskara homologatua erabilteko derrigortasuna, gel hidroalkoholikoa...).

Egitaraua

Irailak 23 (19:00etan): Inaugurazinoa.

¿QUÉ TIENEN LAS FLORES, Altraste Danza (Vitoria-Gasteiz).
La Fundacion (Sartzea doban, bete arte).

Urriak 1 (20:00etan):

AL DESNUDO, Metamorphosis Dance -Iratxe Ansa & Igor Bacovich- (Madril - Euskadi)
Barakaldo Antzokia (Sarreral saltzea: Leihatilan eta Kutxabanken).

Urriak 29 (19:00etan): Hiru pieza labur

SONORA, La Intrusa (Euskadi-Katalunia).
147 ABRAZOS, Sharon Fridman (Madril).
SPACE, Frantics Dance Company (Alemania).
Zabalgune Eraikina (Sartzea doban, bete arte).

Urriak 30 – 31 (19:00etan):

FLAMENCAS, Álvaro Murillo (Extremadura).
La Fundicion (Sarrerak saltzea: Leihatilan eta Kutxabanken).

Zemendiak 13 (18:00etan):

BAILE DE BESTIAS, Jesús Carmona (Katalunia)
Guggenheim Bilbao Museoa (Sarrerak saltzea: Laster, leihatilan edo webgunean).

Zemendiak 25 (19:00etan):

LA DESNUDEZ, Daniel Abreu (Madril)
Azkuna Zentroan (Sarrerak saltzea: Laster, leihatilean edo webgunean).

Abenduak 4 – 5 (19:00etan)

DANÇA SEM VERGONHA, David Marques (Portugal).
La Fundicion (Sarrerak saltzea: Leihatilean eta Kutxabankean).

Beste jarduera batzuk

Urriak 7 (19:00etan):

Filma: Maguy Marin. L'urgence d'agir (David Mambouch).
La Fundacion (Sartzea doban, bete arte).

Zemendiak 4 (19:00etan):

Dantza kudeatzeko aholku praktikoak (Jemima Cano) liburuaren aurkezpena.
La Fundicion (Sartzea doban, bete arte) .

Zemendiak 14

MASTERCLASS-A: Jesús Carmona.
Aresti Landa Jantza Eskolea (94 464 91 52).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu