Udagoienean dator Euskal Letren Plazea Zarautzera
2021-09-13 12:13 KultureaLiteraturia, irailaren 24tik 26ra.
Udabarritik udagoienera, zailtasunak zailtasun, Itzala izango da aurtengo gaia eta leloa, barriz, hitzaren ahala; aitatu goiburupean atondu ditue, besteak beste, azokea, errezitaldi, barriketaldi eta liburu aurkezpenak; gainera, aitatu goiburua erabiliz sortu dau Hiru Damatxo kolektiboak Literaturiaren barri zabaltzeko bideoa.
Bestelako ekitaldi batzuk be izango dira, tartean, ibilaldi dramatizatu bat eta barriketaldiak. Era berean, omenaldi bana egingo jake (H)ilbeltza euskal nobela baltzaren asteari eta Galtzagorri alkarteari, euskal literaturan egin daben lana autortzeko.
Lutxo Egiak idatzitako testua irakurtea izango da hilaren 24ko lehenengo ekitaldia eta jarraian Asisko Urmeneta marrazkilariaren Sugarren mende komikian oinarritutako antzezlana estreinauko dabe.
Gotzon Barandiaranek eta Joseba Tapiak be Literaturiarako beren-beregi atondutako Apoaren itzala izeneko saioa be interesgarria izango da, musikearen eta barriketaldia ardatz dituan jarduerea, Zarautzeko Modelo aretoan estreinauko dabe irailaren 25ean, zapatuan, 22:00etan.
Liburu aurkezpenen harian, komikia eta bertsolaritzea buztartuko ditu Dom Campistron komikigileak Bekatarosak liburuan; Aldudeko eta Nafarroa Behereko beste zenbait herritako lesbiana, queer eta gayen zazpi testigantzatan oinarritu dau lana egileak eta aurkezpenean Maindi Murua eta Andoni Egaña bertsolariek parte hartuko dabe.
Musikeari jagokonez, Iñigo Astiz idazleak eta Jon Basaguren musikariaren txandan, alkarregaz sortutako Oraindik, orain eta oraingoz eskitaldia eskainiko dabe, irailaren 26an, 17:00etan.
Zapatuan, 25ean, mahai-inguru bi be izango dira: Euskal Herriko zientzia fikzinoa berbagai, mahaiaren bueltan izango dira Arrate Hidalgo, Amaia Apaulaza, Danele Sarriugarte, Mochales eta Katti Olaizola. Horrezaz gan, Saiakerearen itzulpena ardatz hartuta ibiliko dira Olatz Esteban, Amaia Astobiza, Maialen Berasategi eta Sarriugarte.
Liburu Azokea, barriz, Lege Zaharraren plazan egongo da, zapatuan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era; eta domekan, 11:00etatik 14:00etara.
Berria da Literaturiaren babeslea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!