Guggenheim Bilbao Insights saileko bideo barria aurkeztu dabe
2021-09-13 07:45 KultureaAitor Ortiz artistearen eta Marta Blàviaren arteko barriketaldia ardatz.
Guggenheim Bilbao Museoak #GuggenheimBilbaoInsights ekimen digitaleko bederatzigarren bideoa aurkeztu dau; Museoaren Arte-ardura sailaren gidaritzapean egindako bideo-bilduma horretan, arte-arduradunek arteaz berba egiten dabe Museoaren Bilduman obraren bat daben zenbait artistagaz.
Aitor Ortiz artistea eta Marta Blàvia Museoaren arte ardurako laguntzailea dira Guggenheim Bilbao Insights saileko barriketaldi horretako protagonistak. Artisteak Bilbon dauen estudioan egindako barriketaldian, Guggenheim Bilbao Museoa eregiteko prozesua dokumentetan erretratugile lanetan bizitako prozesua azaltzen deusku Ortizek. Agindu horren eskutik, arkitekturara hurreratu eta espazioaren antolamenduari loturiko gaien inguruan hausnartzen hasi zan. Barriketaldian, egitura monumentalak zuri-baltzez erretratuak egiteko dauen interesa agertzen deusku: erretratuan ikusten dana eta ikusten ez dana oso garrantzitsuak dira, ikuslea baita azken esangurea emoten deutsona.
Bideo guztiak Museoaren webgunean dagoz eskuragarri hemen, bai eta museoaren YouTube kanalean be.
Bederatzi artista
Ondokoak dira orain arte Guggenheim Bilbao Insights sailean parte hartu daben bederatzi artistak: Alyson Shotz, Jose Manuel Ballester, Ernesto Neto, Itziar Okariz, Esther Ferrer, Pello Irazu, Doris Salcedo, Jeff Koons eta Aitor Ortiz.
Sei ikuspegi
Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunen taldea bost komisario artistikok eta laguntzaile batek osotzen dabe eta horreetako bakotxak bere ikuspegia eta ibilbidea eskainiko deutsoz proiektuari. Hona hemen taldekideak eta Museoan ardurapean izan dituen azken erakusketetako batzuk:
Lucía Agirre: 2000tik da Museoko arte-arduraduna eta honako erakusketez arduratu da, besteak beste, Olafur Eliasson (2020), Thomas Struth (2019), Marc Chagall (2018) eta Bill Viola (2017). Agirre Alice Neel artistearen inguruan, irailaren 17an zabalduko dan erakusketearen komisarioa da.
Manuel Cirauqui: 2016tik da Museoko arte-arduraduna, Dia Art Foundation-etik etorri ondoren. Honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste, Jesús Rafael Soto (2019), Henri Michaux (2018), Anni Albers (2017) eta Artea eta espazioa (2017). Film & Video aretoko programazinoaren arduraduna be bada.
Geaninne Gutiérrez-Guimaraes: 2015etik da Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna baina New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan dau egoitza; Basque Artist Program koordinetan dau bertan. Lygia Clark-i (2020) buruzko erakusketaren komisarioa izan da.
Lekha Hileman Waitoller: 2019ko urrian hasi zan Museoan lanean arte-arduradun, Chicagoko Art Institute-tik etorri ondoren. Asmenaren ildoa (2021) erakusketearen komisarioa izan da eta gaur egun Emakumeak abstrakzinogile erakusketea atontzen dabil udagoien honetarako.
Petra Joos: 2000tik da Museoko arte-arduraduna eta honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste, Urte eroak: 1920ko hamarkada 2021, Jenny Holzer (2019), Alberto Giacometti (2018), Georg Baselitz (2017) eta Louise Bourgeois (2016).
Marta Blavia: 2006tik da arte-arduradun laguntzailea, besteak beste, Kandinsky (2020) eta Richard Artschwager (2019) artistei eskainitako erakusketetan ibili da laguntzaile, baita Film & Video programan be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!