Lagunartekoak eta libreko bertso saioak, kaltetuenak

Bizkaie! 2021-09-10 10:16   Bertsolaritzea

Jaialdiak egin badira be, plazearen dibersidadea berreskuratzea da hurrengo pausua.

Atontzaile eta bertsozaleei esker eutsi jake saio solte batzuei. Udea izaten da saioak gehien ugaritzen diran sasoia eta jaien testuinguruan gehienetan baina jaiok bertan behera geratu diranez, batzuk jaialdia atontzea erabagi arren, beste saio asko bidean gelditu dira. Datozen hileotako erronkea lagunarteko eta libreko bertso saioen aktibazinoa izango da.

Pandemia etorri zanetik bigarren udea izan dogu. Bertsolaritzeak aldaera eta forma asko hartu leikezala gauza jakina da eta horri esker jakin dau egoera honetara moldatzen. Xenpelar Dokumentazino Zentroak batutako datuei erreparauta, igazko urteagaz konparauta, urte hasieratik goranzko jokerea izan dau bertso plazeak. Pandemiaren krisitik urtetan goazen moduan gabiz saioak berreskuratzen.

Garagarrila kontuan hartzen badogu, normaltasunetik oso hur ibili ginan baina datuak sakonago aztertuta, ikus daiteke hori ez dala holan.

Abuztuan, barriz, golpe gogorra hartu dau plazeak. Ez da harritzekoa, herri ezbardinetan izandako agerraldiek neurriak zorroztu baititue; positiboen grafikoak gora egin dauen guztietan, saioenak behera egin dau.

Plazako kopuru orokorrak

Bertso Plazeak 4 bertso saio mueta batzen ditu: jaialdiak, lagunartekoak, librekoak eta bat-bateko bereziak.

Jaialdien datuak ikusita pozarren gagoz. Pandemia hasi zanetik kopuru normaletatik gora ibili da bertso saio mueta hau. Gauza logikoa da egoereari erreparetan badeutsagu. Osasun neurriak segurtasunez beteteko berme gehien eskaintzen dauen saioa da eta horregaitik atontzaile askok formatu hau aukeratu dabe. Bertsolari eta gai-jartzaile kopuruz be aberatsagoak dira saio honeek eta horrek arnasa emon deutse bertsolariei.

Jaialdiak 2019-2020-2021

Bat-bateko berezia jaialdien antzeko ezaugarriak dituan bertso saioa da, bai behintzat bertsozaleen kokapenari jagokonez. Normalean oholtzatik abesten dabe bertsolariek eta bertsozalea jarlekuan egoten da. Holan aforoaren kontrola eta osasun neurriak ondo beteteko baldintzak hobeak dira.

Bat-bateko berezia 2019-2020-2021

Lagunartekoek eta libreko saioek izan ditue ondorio larrienak pandemia hasi zanetik eta atontzaile eta bertsozaleei esker eutsi jake. Jairik ez danez egon, saio asko eta asko ezin izan da egin eta azken urteetan ardura handia da bertsogintzan eta erronkea da saio horreen aktibazinoa.

Ondorio nagusiak

Jaialdiak egin badira be, plazearen dibersidadea berreskuratzea da hurrengo pausua. Osasun neurrien ondorioz, saio batzuk desagertu eta beste batzuk indartu dira baina bertsolaritzea bizirik dago gure plaza eta aretoetan.

Bertso eskolak eta atontzaileak izan dira plazeari eusteko arduradun. Bertsozaleei eta bertsolaritzeak osotzen dauen komunidadeari esker eutsi jako bertsolaritzeari plazan. Atontzaile txikiek izan ditute zailtasun handienak saioak atontzeko orduan. Finantziazinoa, aretoetako leku murrizketak eta osasun neurriak bete beharrak gehituta, aukera barik itxi ditu atontzaile asko.

Kanon artistiko jakin batzuetako bertsolariek plaza asko galdu ditue. Gaueko eta lagunarteko edo libreko saioetan gehien ibilten ziranek plaza gitxi izan ditue pandemia etorri zanetik. Jaialdiei, barriz, eutsi gin jake.

2019an baino % 35 saio gitxiago atondu ditue aurtengo udaran eta horrek esan gura dau 125 saio gitxiago izan dirala 3 hilabetetan. Saio kopuruen gitxitze honek bertsozaleakan izan dau eragin handiena, askok urteroko ohituratzat zituen saioak ez baitira egin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu