Beldur Barik lehiaketea martxan, 12 eta 26 urte arteko gazteentzat

Bizkaie! 2021-09-10 09:56   Pil-pilean

Kai Nakai artisteak aurtengo edizinoko kantua egin dau.

Kai Nakai, kantu barria aurkezten (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gazteen artean bardintasunaren eta errespetuaren aldeko baloreak landu eta indarkeria sexistea prebeniduteko asmoz antolatzen dau Beldur Barik lehiaketea Emakundek, Eudelen eta foru aldundien laguntzinoagaz. Gasteizen aurkeztu dabe 12. edizinoa, eta gazteak animau ditue parte hartzera.

Indarkeria sexisteari aurre egiteko jarrerak, gogoetak eta konpromisoak sormen artistikoaren bidez adierazotea da lehiaketearen oinarria. 12 eta 26 urte bitarteko gazteek bialdu leikiez euren ikus-entzunezko lanak, gehienez hiru minutukoak. Epea zabalik dago, zemendiaren 5era arte.

Hiru kategoriatan banatuko ditue parte-hartzaileak: lehen kategorian, 12-13 urte bitartekoak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urtekoak. Urtero lez, lehiaketan bakarka zein taldeka (ikastetxean, ikasgelan, alkartean…) parte hartu leiteke.

Beldur Barik Herria izango da Agurain aurtengo edizinoan. Bertan banatuko deutsez sariak lehiaketako irabazleei. Kategoria bakotxean sari nagusia (400 euro) eta aitamena (200 euro) egongo dira. Herritarren botoen bidezko sariaren irabazleari 300 euro emongo deutsez, eta ikus-entzunezko onenari beste horrenbeste. Kalidade artistikoaren eta boto herrikoiaren sariak be badagoz.

Kai Nakairen kantua

Gazteak Beldur Barik lehiaketan parte hartu deien animetako, Kai Nakai artista gasteiztarrak Nahikoa dela izeneko kantua aurkeztu dau. Igazko edizinoan, aitamen berezia egin eutsen Kai Nakairi, Gure misioa bideoagaitik, eta horregaitik emon deutse aurtengo kantua egiteko aukerea. 

Kantua sortzen lagundu deutsan lantaldea aitatu dau Kai Nakaik. Berbak idazten Eli Zaldua ibili da, konposizinoan The Big Sound eta @deblamami produktore eta beatmaker-a be ibili da laguntzen. Grabazinoaren ardurea Koldo Uriarterena izan da. 

Beldur Bariken 12. edizinoko irudia be igazko sarituetako batek egin dau, Uxue Bereziartua ilustratzaileak. Errebelazioa lanari esker, ikus-entzunezkorik onenaren atalean irabazi eban Bereziartuak. 

Uxue Bereziartuaren irudia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu