Maria Zambrano protagonista 'Eztabaidak Literatureagaz' zikloan

Bizkaie! 2021-09-09 12:32   Kulturea

Hitzordua Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian izango da, irailaren 14an.

Conversaciones con María Zambrano izenburuko berbaldian filosofoa ondo ezagutzen daben emakume bi izango dira hizlari: Olga Amarís Duarte, Hannah Arendt eta Maria Zambranoren erbesteari buruzko doktore-tesiaren egilea eta Marifé Santiago Bolaños, María Zambrano Fundazinoko Patroia.

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak Literatureagaz zikloari ekingo deutso martitzenean, hilaren 14an, 19:00etan.

Maria Zambrano Las sinsombrero izeneko taldekidea da eta gizonezko kideek isilarazo zituen 27ko belaunaldiko emakumeak batzen dira. Martitzeneko berbaldian, Hannah Arendt eta Marina Tsvietáieva idazleakaz izandako hartu-emonak be jorratuko ditue.

Egileek, Iñaki Esteban moderatzaile lanak egingo dituan filosofo eta kazetariagaz batera, ezinbesteko figura horreei, euren lanari eta erbesteko bizitzeari buruz berba egingo dabe, batez be hogeita hamarreko hamarkadearen amaieratik berrogeiko hamarkadearen hasierara bitartean.

Olga Amarís Duarte

Filosofian doktorea da, itzultzailea eta ikerketa akademikoko hainbat artikuluren egilea. Madrilgo Complutense Unibersidadean eta Municheko Ludwig Maximilian Unibersidadean ikasi eban. Hannah Arendt eta Maria Zambranoren erbesteari buruzko doktore-tesia argitaratu ondoren, emakumeen lana aztertzen jarraitu eban, ikuspegi konparatiboa ardatz hartuta batetik, berbaldi, mahai-inguru eta argitalpenen bidez.

Marifé Santiago Bolaños

Filosofian doktorea da Madrilgo Complutense Unibersidadean, Juan Carlos Erregea Unibersidadeko (Madril) Estetika eta Arteen Teoriaren irakasle titularra eta filosofia eta arte-sorkuntzea ikertzen ditu, arreta berezia eskainiz ekialdeko pentsamenduak Europako antzerki garaikidean dauen eraginaren azterketeari. María Zambrano Fundazinoko Patroia da eta San Quirceko Historia eta Artearen Akademiako urgazlea eta “Clásicas y modernas" Kulturan Bardintasunerako Alkartearen lehendakariordea.

Bidebarrieta Kulturgunea kulturari eskainitako gunea da, Bidebarrietako liburutegiaren barruan. Kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea dau helburu.

Hitzordu honetara joateko ezinbestekoa da Bidebarrieta Kulturgunearen webgunean eskuragarri dagozan dobako gonbidapenetako bat erreserbetea

Egungo egoerearen ondoriozko segurtasun neurriak dirala eta, aretoko ateak 18:15ean edegiko ditue, bertaratutakoak euren jarlekuetara bideratzeko. Ezin bada parte hartu, hitzordua streaming bidez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu