Komikigintzako nazinoarteko egonaldia dakar Bilboko Azkuna Zentroak
2021-09-09 08:12 KultureaAngulema eta Quebeceko eragileakaz batera atondu dabe.
Sorkuntzeari bultzadea emoteko ahaleginean, komikigintzeari begiratu deutso oraingoan Bilboko Azkuna Zentroak. Nazinoarteko egonaldia egin ahal izango da Bilbon, Angulemako Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l'image eta Quebeceko Maison de la Littérature erakundeakaz alkarlanean.
Berez, egoitza gurutzatua dalakoa izango da. Hau da, hiru sortzaile aukeratuko ditue, uri bakotxean bat, eta txandaka joango dira batetik bestera: Anguleman, 2022ko urtarrilean; Bilbon, zezeilean; eta Quebecen, apirilean. Hilabete inguruko egonaldiak izango dira leku bakotxean.
Deialdia urriaren 8ra arte dago zabalik hiru urietan. Bilboko Azkuna Zentroari jagokonez, Espainiako herritartasuna daben edo bertan erroldatuta dagozan artistek hartu leikie parte. Angulemakoa Frantziakoentzat da eta Quebecekoa, probintzia haretakoentzat.
Komikigintzea lantzea izango da egonaldien helburu nagusia. Ibaia izango da beste ardatzetako bat, Angulema, Bilbo eta Quebec Uria ibai garrantzitsu banak zeharkatzen ditualako (Charente, Ibaizabal eta San Lorentzo). Urak lurraldean, gizakien arteko hartu-emonetan, ondarean edo historian gaur egun dauen esanahia bilatzea da haria, artista egoiliarren sormen-prozesuaren oinarria.
Hautagaitza guztiak aztertuta, urriaren amaiera aldera emongo dabe irabazleen barri. Uri bakotxean egin beharreko egonaldietan, hiru artistak alkarregaz egongo dira eta tailerretan hartuko dabe parte.
Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Pérezek azaldu dauenez, kultura garaikideko beste esparru eta proiektuakaz lankidetza sareak edegitea dogu helburu. Alkarrizketa honek gure edukiak aberastu, sorkuntza garaikidea zabaldu eta komunidadea sortzen lagunduko dau, gizarteari esperientzia barriak eskainiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!