Hasi da ikasturtea EAEn, 366.000 ikaslegaz

Bizkaie! 2021-09-08 13:44   Pil-pilean

Jokin Bildarratz sailburua Gasteizko Luis Elejalde-Rogelia de Álvaro ikastetxean izan da.

Jokin Bildarratz eta Hezkuntza Saileko beste arduradunak, Gasteizko Luis Elejalde-Rogelia de Álvaro ikastetxean (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Modu ofizialean hasi da 2021-22 ikasturtea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan, unibersidadea baino beheragoko mailetan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emondako datuaren arabera, 366.697 ikaslek hasi dabe kursoa, edo hasiko dabe hurrengo egunotan, Umeen Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketara arte. Igaz baino % 1,41 gitxiago da.

2021-22an ikastetxe publikoetan emon dabe izena ikasleen % 51,2k; sare pribadu eta itunduan % 48,8 dira. Hizkuntzei jagokenez, D ereduan dagoz % 81,9; B ereduan % 15,3; eta A ereduan, % 2,9.

Ikasturtearen hasikeran ohikoa izaten dan legez, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek bisitea egin dau ikastetxe batera, hango irakasle eta ikasleakaz berba egin eta instalazinoak ikusteko. Aurten, Gasteizko Luis Elejalde–Rogelia de Álvaro ikastetxe publikoan izan da. Haur eta Lehen Hezkuntzako 400 ikasle baino gehixeago ditu, D ereduko lerro bitan. 45 irakasle inguru arduratzen dira ikasleen hezkuntzaz.

Bildarratzegaz batera, Gasteizko bisitan izan dira Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Aintzane Arrese Hezkuntzako lurralde-ordezkaria. Gasteizko Udalaren aldetik, Jon Armentia hirugarren alkateordea agertu da.

Covid-19aren pandemia hasi zanetik, hirugarren ikasturtea izango da honako hau. Sailburuak hezkuntza-komunidadeak joan dan ikasturtean egindako lan bikaina nabarmendu dau, bai eta aurreko urteko esperientzia baliagarria be. Baina zuhur agertu da, Covida oraindino ez dalako desagertu.

Osasuna jagoteko asmoz, Hezkuntza Sailak aurreko ikasturtean martxan jarri zituan aparteko baliabide guztiei eutsiko deutse, bai higiene eta segurtasuneko materialak, bai errefortzu profesionalak be: irakasleak, garbitzaileak, jantokietako langileak eta sukaldekoak.

Erronkak

Ikasturte barrirako helburuen artean, ikasleen eta irakasleen ondoizate emozionala eta osasun mentala jagotea nabarmendu dau Jokin Bildarratz sailburuak, urte eta erdi baino gehiagoan bizi izaten gabizan pandemiaren eragin negatiboa gitxitzeko.

Alderdi emozionalagaz batera, beste erronka batzuk be aitatu ditu sailburuak, berbarako: hezkuntza-lidergoko programak bultzatzea; digitalizazinorako programak; konplexutasun handieneko ikastetxeei autonomia handiagoa emotea; komunikazinoa hobea indartzeko programak; eta eskola plural eta inklusiboaren aldeko apustua.

Bildarratzek adierazo duenez, hezkuntzea gure gizartearen parte da, eta aurrera egiteko ilusinoa dogu. Alkarregaz lan egiten jarraitu behar dogu hobetzeko, gizartearen mesedetan. Hezkuntza-komunidade osoaren artean ahalik eta akordio zabalena lortzen ahaleginduko gara. Gure hezkuntzea modernizetako, eguneratzeko eta hobetzeko aukerea dogu, hurrengo 30 urteetako erronkei eta helburuei erantzuteko oinarri bat adosteko

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu