Adel 21, Artedramaren Euskal Laborategia

Bizkaie! 2021-09-08 12:52   Kulturea

Iraiaren 20tik 25era, Aulestin.

Aulestin izango da hitzordua Irailaren 20tik 25era. ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL), arte eszenikoetan euskeraz dabizenen topagunea da, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen dan gunea. Euskal Herriko arte eszenikoetan dabizenen arteko eztabaidak, jakintza eta alkartrukeak sustatzeko asmoagaz, astelehenetik zapatura, 48 orduz, 6 irakasleren tailerrak atondu ditue. Ikastaro guztiak euskeraz izango dira eta matrikulea 450 €koa (lotarako lekua eta otorduak barne). Bertan jarriko ditugu egosten oraineko zein etorkizuneko euskal antzerkiaren aleak. Topauko gara eta berba egingo dogu antzerkiaz, zein bizitzaz. Astebeteko utopia bat sortuko dogu Bizkaiko herrixka honetan. Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Iraila uztea-batzeko hilea izaten da eta gurean ez da gitxiago izango. Aleak emongo ditue hazita egozan landareek eta hazi barriak landatuko ditugu etorkizunean lorarik falta ez daiten.

Sikatearen ostean, Aurora Morak Hendaian (Irailaren 10ean, Mendi Zolan) ekingo deutso 'Atzerrian Lurra Garratz' instalazinoaren aurkezpenari eta euskal herriko txoko guztietara Kolonbia zatitxu bat hurreratuko deusku. Kolonbia zatitxu bat, geure egin daigun, Kolonbia, dan modukoa.

Udea maitasunez betetako aroa be izaten danez, honetaz gogoeta egiteko aukera berezia emongo deusku 'Amuak' antzezlanak (Aulestiko frontoian, irailaren 20an). Laranjearen garratza eta gozoa dituan komedia herriz herri ibiliko da irailetik aurrera eta pasautako zein etorteko dagozan maitasunei barre egiteko aukerea izango dogu.

Gorputzari berba egitean erakutsi. Lagunartean abestu. Begiak bete eta sorbalda bat bilatu. Maitemindu. Bide ertzean jarri eta traktoreak eta ziklistak pasetan ikusi. Gauza humano zein inhumanoen inguruan berba egin ordu luzez. Batu. Obra klasiko baten egokitzapen abangoardistea ikusi. Oihu egin arimea urratu arte. Botere hartu-emonak aztertu. Norberak be egin leikela sentidu. Egin. Erotismoaren jainkoseari erregu egin. Herri txikiak oso bizirik dagozala sentidu. Atara zeure deabrua ta beragaz jantzan egin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu