Badator 'Elkano esperientzia', erronka globalei erantzuteko

Bizkaie! 2021-09-08 10:36   Pil-pilean

Euskal Herriko eta Hego Amerikako erakundeak dira bultzatzaileak.

Juan Sebastian Elkano getariarrak gidatutako espedizinoak munduari lehenengo buelta osoa emon eutsanetik 500 urte bete diranez (1519-1522), hainbat ekitaldi antolatzen dabiz hileotan Getarian, Euskal Herrian zein munduan. Oraingo honetan, Elkano esperientzia dalakoa aurkeztu dabe, erronka global handien inguruko gogoetea egitera datorren egitasmo barria. 

Gaur, irailak 8, ipini dabe martxan, hain zuzen be, Euskal Diasporearen Munduko Egunean. Izan be, Euskal Herriko eta Hego Amerikako erakundeek bat egin dabe egitasmo barrian: Etxepare Euskal Institutuak, Elkano Fundazinoak, Iberoamerikako Estaduen Erakundeak (OEI) eta Euskadiren Argentinako Ordezkaritzeak.

Alde batetik, Munduari lehen itzulia ibilbide birtuala ipini dabe martxan, hainbat galdera-erantzunetan oinarritutakoa, eta parte-hartzaileak XVI. mendera eroatea helburu dauena. Hemen topau leiteke. 

Bestetik, 500 urte: kontzientzia planetarioaren eraikuntza alkarrizketa birtuala egingo dabe irailaren 16an, hainbat diziplinatako lau adituren eskutik: Alvaro Aragón (EHUko Erdi Aroko, Modernoko eta Amerikako Historia Saileko irakasle agregadua), Nelson Aguilera (Txileko Unibersidade Australeko antropologoa), María Amelia Mellado (Txileko Unibersidade Australeko antropologoa) eta Julieta Gaztañaga (Zientzia Antropologikoen Institutua, Buenos Airesko Unibersidadeko Filosofia eta Letren Fakultadea).

Topaketea Elkano Fundazinoko proiektuen koordinatzaile Rafael Zulaikak gidatuko dau. Saioa gaztelaniaz izango da, eta aldi bereko itzulpena egongo da euskerara eta portugesera. Alkarrizketa birtuala entzun nahi dabenek izena emon behar dabe hemen.

Adituek gogoetea egingo dabe Magallaes eta Elkanoren bidaiak ekarri zituan aldaketez eta gaur egungo erronka globalakaz izan eban loturaz, esate baterako, klima-aldaketeagaz, migrazinoakaz, kultura-aniztasunagaz eta mundializazinoagaz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu