Kultura arloko lankidetzea indartuko dabe Santander, Logroño eta Bilbok

Bizkaie! 2021-09-08 09:23   Kulturea

Bertatik bertara programako kide dira hiru uriak.

Gema Igual, Juan Mari Aburto eta Pablo Hermoso de Mendoza (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko udaletxean batu dira Santander, Logroño eta Bilboko alkateak, kulturgintzan hiru urien arteko hartu-emonak sakontzeko bidean beste pausu bat egiteko. Bertatik bertara programako kide dira, eta apirilean hitzarmena sinatu eben, egitasmo horren bidez hasitako lankidetzea indartzeko. Bilboko batzarrean berretsi ditue orduko konpromisoak.

Gema Igual da Santanderko alkatea, Pablo Hermoso de Mendoza Logroñokoa eta Juan Mari Aburto Bilbokoa.

Lekuan lekuko kultureari bultzadea emoteko, hiru udalek alkarlanean egingo dabe lan, alkarri lagunduz eta jarduerak konpartiduz. Kulturea aberastasun iturria izan daitela helburu estrategikoa da, ekonomiarako zein gizarterako, azpimarratzen da hitzarmenean. 

Adostutako lankidetzea praktikara eroateko ahaleginean, lehenengo emoitzak laster ikusiko doguz. Batetik, jardunaldi profesionala antolatuko dabe irailaren 17an, Santanderren, Bertatik bertara programeagaz lotuta. Logroñon, Santanderren eta Bilbon dabizan musikariak eta musikearen arloko eragileak batuko dira bertan, alkarren arteko loturea indartzeko. Mahai-inguruak egingo ditue lehenengo; ondoren, talde batzuek euren musikea zuzenean aurkeztuko dabe. 

Beste alde batetik, Bertatik bertara 2021 kultur laguntzinoen ebazpena jakitera emongo dabe laster. Kulturgileek eta sortzaileek proiektuak aurkeztu ditue, programan parte hartzen dauen uri baten baino gehiagotan egiteko eta leku diferenteetako eragileak kontuan hartuta. Antolatzaileek sei proiektu aukeratuko ditue eta 75.000 euro banatuko deutsez. Diru horren heren bana ipini dabe Santander, Logroño eta Bilboko udalek. 

Juan Mari Aburtok, batzarrean parte hartu eta gero, hiru urien arteko lankidetzeak zabaltzen dituan aukerak nabarmendu ditu. Aukera barri bat da hiru urietan gauzatutako kultur politikei buruzko ideak eta esperientziak trukatzeko

Covid-19ak kulturgintzeari zelan eragin deutsan be aztertu dabe hiru alkateek. Pandemiak gogor jo dau sektorea, eta, horregaitik, kulturgintzea eta sortzaileen jarduna suspertzeko egitasmoak behar-beharrezkoak dira. Baliabideak, tresnak, laguntzinoak, proiektu-poltsak eta beste sustatzen doguz, sektoreari irauten laguntzeko eta geroan be kalidadezko eskaintza askotarikoa egin ahal izan deian, adierazo dau Aburtok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu