Arrigorriagako Clown eta Pailazo Jaialdia, hilaren 10etik 12ra
2021-09-08 08:27 KultureaBertoko eta kanpoko hamaika konpainia dagoz egitarauan.
Normalean udabarri bueltan egiten da Arrigorriagan kaleko arteen jaialdi ezaguna, baina Covid-19aren pandemiak dana hankaz gora ipini dau. Hori dala eta, XXVI. Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazinoarteko Jaialdia irailaren 10etik 12ra egingo dabe, barikutik domekara. Datak aldatuta datozan arren, betiko asmoari eutsiko deutso Udalak, hau da, kaleko arteetan eta zirkuan dabizan taldeen ikuskizunak Arrigorriagako publikoari eta bisitariei erakustea.
Kiroldegian eta frontoian egingo diran saioetan hamaika konpainiak hartuko dabe parte: lau Euskal Herrikoak dira eta ganerakoak, Galizia, Madril, Andaluzia, Frantzia, Argentina, Brasil eta Kenyakoak. Modalidadeen artean, musikea, kale-antzerkia, zirku modernoa, akrobaziak eta umorea aitatu leitekez.
Osasun neurri bereziak indarrean jarri ditu Udalak, publikoak eta artistek segurtasun osoz parte hartu deien. Edukierea % 60koa izango da, jesarlekuen artean metro eta erdiko tartea gordeko da eta maskarea jantzi beharko dabe ikusleek. Ikuskizunetara joan gura debenek aurretiaz izena emon behar dabe, kulturakoinskripzioak@arrigorriaga.eus helbidera idatzi edo 94 671 23 61 zenbakira deituta.
Egitaraua
Barikuan, irailak 10, Circo Chosco konpainiaren Forzu 2 ikuskizunagaz hasiko da jaialdia eta ondoren Gala Zirko Euskalduna egingo dabe Trotamundos eta Zirkodromoa taldeek.
Zapatuan, irailak 11, egitaraua bete-beteta dator. Julian y Pendorcho konpainiak ekingo deutso egunari, Galiziako Sempre Arriba taldeari txandea pasau aurretik. Bambolearen Udazkeneko Kabareta etorriko da gero. Brasil eta Kataluniatik datorren Kasumay ikuskizuna izango da azkena.
Domekan, hilak 12, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunek zabalduko dabe eguna. Adoro, Pailazoak Gurpil Gainean etorriko da gero, baita Maite Guevararen Zein egun ona be. Aireko ikuskizuna ekarriko dau La Querida konpainiak. Kenyako Mighty Jambo izango da egitarauko azkena, testu bako Ehiztaria ikuskizunagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!