Bertan behera irailaren 25erako iragarritako Deiadar Mendien Eguna

Bizkaie! 2021-09-07 12:41   Kulturea

XVII. edizinoa 2022ko irailera edo urrira aldatuko da.

Deiadar Mendietara egiten dan igoerea urtebete aurrerago egingo da, bigarren urtez bertan behera itxi ondoren. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak, Mahaiaren bileran, gaur jakinarazo deutse Batzarretako Taldeei irailaren 25ean Gorbeian egitekoa zan Deiadar Mendien Egunaren XVII. edizinoa 2022ra aldatu behar dala, koronabirusak eragindako pandemia dala eta gure lurraldeak bizi dauen egoereagaitik.

Mendi martxa klasiko horren bultzatzaile moduan, Bizkaiko Batzar Nagusiek uste dabe pandemiak azken asteotan izan dauen bilakaereak, positiboa izan arren, ez dauela berme osoa emoten oraindino be bost deiadar tontorretako batean batzen diran ehunka mendizale batzeko.

Osasun-erakundeei eta urtero Bizkaiko tradizionoakaz egiten dan hitzordu hori atontzen laguntzen daben mendi-klubei egindako konsulten ostean hartu da
erabagia. Bizkaiko Batzar Nagusiek ekitaldi herrikoi honetan parte hartzen daben personen segurtasuna eta osasuna lehenetsi ditue.

Tradizinoak dinoen moduan, Gorbeiak orain dala urte bi Ganekogortako tontorrean egindako hitzorduaren lekukoa hartu eban –igaz bertan behera geratu zan–, lehenago Solluben, Oizen edo Kolitzan egin zan moduan.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, erakundea barriro beharrean hasi osteko 25. urteurrena zala eta 2004an martxan jarritako tradizinoari jarraipena emonez, ohitureagaz jarraitu gura eben, urriaren 3an Gorbeian adarrotsa zabalduz, oraingo honetan Lemoako Ganzabal Mendi Taldearen laguntzeagaz. Covid-19aren eragina dala eta, Batzarrek Bizkaiko tontorrera egindako deia urtebete aurrerago egingo da, 2022eko irailean edo urrian izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu