MusEkintza: arte eszenikoak Bizkaiko museoetan

Bizkaie! 2021-09-07 09:14   Kulturea

Irailetik bagilera, bederatzi ikuskizun atonduko ditue zazpi museo eta gune kulturaletan.

Bilboko Euskal Museoan aurkeztu dabe MusEkintza (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko aberastasun kulturalaren alderdi bi dira arte eszenikoetan dabizan artistak eta museo zein gune kulturaletan gordeten dan ondarea. MusEkintza izeneko ekimen barriari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak biak lotuko ditu. Irailean hasita, hileko azken zapatuetan, arte eszenikoetako ikuskizun bat programauko dabe BizkaiKOA sare publikoan sartuta dagoan museo edo gune baten.

Bagilera bitartean, bederatzi ikuskizun eta hamar saio izango dira, hilean bat, eta bagilaren 11 eta 24ko hitzordu bereziak. Honeek dira aukeratutako lekuak: La Encartada Fabrika Museoa (Balmaseda); El Pobaleko Burdinolea (Muskiz); Txakolingunea (Bakio); Euskal Herria Museoa (Gernika); Arkeologi Museoa (Bilbo); Arrantzaleen Museoa (Bermeo); eta Muñatonestarren Gaztelua (Muskiz).

Musikea, jantzea, zinemea, umorea eta magia dagoz egitarauan. Saio bakotxerako, espazioa argiztapen eta proiekzino apaingarri bereziz atonduko dabe, ikusleen esperientzia indartzeko. Erreserbea aurretiaz egin beharko da. 

Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok, MusEkintzaren aurkezpenean, proposamenaren alde barritzailea nabarmendu dau: museoez gozetako beste modu bat aurkeztuko dogu, hau da, musikea, jantzea, zinemea, antzerkia, umorea, magia, argiztapena eta museoak batzen dituan jaialdi barria.

Informazino guztia hemen. Egutegia hau da:

- Irailak 24, Muñatones: Mamba Beat Club.

- Urriak 30, Euskal Herria Museoa: Bilboko Zinemagintza Eskolea eta Amara Mosteiro.

- Zemendiak 27, Arkeologi Museoa: Zukut taldea.

- Urtarrilak 29, Arrantzaleen Museoa: Inprobisazino ilustradua.

- Zezeilak 26, El Pobal: Oreka TX eta Janire Etxabe.

- Martiak 26, La Encartada: Juana Lor, Haizea Águila eta Beatriz Villanueva.

- Apirilak 30, Txakolingunea: Jon Zabal eta Yogurinha Borova.

- Maiatzak 28, Muñatones: Hortzmuga.

- Bagilak 11, El Pobal: Oreka TX eta Janire Etxabe.

- Bagilak 24, Euskal Herria Museoa: Izaskun Barroso eta Zentzumenen Akelarrea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu