39 konpainia XXI. Leioako Kaleko Artisten Azokan

Bizkaie! 2021-09-06 07:50   Kulturea

Ehun bat saio aurreikusi ditue irailaren 16tik 19ra.

Leioako Udalak atondutako Kale Artisten Azokeak kaleak beteko ditu umorez eta ilusinoz. Euskal Herriko, Estatuko eta Europako beste herrialde batzuetako 39 konpainia izango dira Leioa eszenatoki bihurtuko dabenak.

XXI. Umore Azoka Leioako programazinoaren aurkezpenean izan dira Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkatea, Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, Kultura eta Kirol Ministerioaren esku dagoan INAEMegaz batera.

Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkateak adierazo da Umore Azoka Leioa berme danakaz egingo dala. Alkateak gogorarazo dau Umore Azokea erronka eta ahalegin ekonomikoa dala urtero urirako baina inoiz ez dala dudan jarri alderdi askotan errentagarria dalako: Umore Azokea tokiko ekonomia dinamizetan dauen uriko ekitaldia baino askoz gehiago da, erreferentzia gure herrialdeko kultur sektorearentzat eta gaur inoiz baino gehiago, gizartearen gogoa berreskuratzeko modu bikaina be bada, adierazo dau.

Rodriguez Etxeberriak gogorarazo dau ekitaldi honetara batzen dala EAEko euskal konpainia gehien –aurten, programazinoko 39etatik 22 EAEkoak dira–, eta jaialdi eta azoka profesionala buztartzen dituan bakarrenetakoa dala: Lau egun honeetako jarduerak ez dira kaleetara mugatuko; aldi berean, konpainiek eta profesionalek lan egiteko eta esperientziak konpartiduteko leku aproposa izango dabe Kultur Leioan. Azkenik, alkateak beren-beregi nabarmendu gura izan dau Kultura Arloak eta Leioako Umore Azoka atontzen parte hartzen daben profesionalek ziurbakotasun handiko egoeretan egindako lana: Oso gatxa da beti holako azoka bat atontzea baina aurten gatxagoa; esangura horretan, eskerrik beroenak ahalegin honetan parte hartzen daben guztiei, Kultura arloari, udal talde teknikoei eta mantentze-lanetako langileei.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Begoña de Ibarrak, honako hau nabarmendu dau: “Leioako Umore Azokea duda barik kultur egitasmo garrantzitsua da, programazino zabal, askotariko eta kalidadezko baten erakusleiho interesgarri eta bikaina baino gehiago, kaleko arteen motorra da eta aurten be, zailtasunak zailtasun, holan izango da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Aitziber Atorrasagastik, adierazo dau erakundeek badakiela gure artisten kalidadea gogoan hartzekoa dala.

39 konpainia eta 100 saio inguru

Programazioari jagokonez, XXI. edizinoan kalidadea eta aniztasuna izango dira oinarri, izan be, Batzorde Artistikoak 400 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu ditu 100 inguru. Parte hartuko duten 39 konpainiek 94 saio egingo ditue: Antzerkia, jantzak eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusiak, baina umorea, musikea, magia, jantza bertikala, txotxongiloak eta ikuskizun piroteknikoa be izango ditugu.

Sormenaren sektoreari jagokonez, umore Azoka Leioa da oraindino be Euskal Herriko Kaleko Arteen oinarrizko erreferentzia, 22 euskal konpainiak hartuko baitabe parte. Gainera, programa artistikoak Estaduko 14 konpainiaren eta nazinoarteko 3ren parte hartzea aurreikusten dau, kasu honetan Belgika, Portugal eta Ukrainatik etorritakoak. Estaduko konpainien atalean, Madril, Murtzia, Gaztela eta Leon eta Galiziako konpainiak etorriko dira eta garrantzitsua da Kataluniako konpainien presentzia, neurri batean Fira de Tarregagaz, nazinoarteko hitzordu ospetsuenetako bategaz, batera egiten dan Nomadas programeari esker.

Aurten Azokea maiatzetik irailera atzeratu danez eta, beraz, ikasturte artistikoa oso aurreratuta dagoanez, konpainiek ezin izan dabe estreinaldirik aurkeztu Leioako Umore Azokan. Halan da be, aukeratutako ikuskizunen aniztasunak eta kalidadeak ikur izango dira programazinoan eta nabarmentzekoa da ikus-entzuleek benetan gozauko dituen lan ospetsuak egongo dirala bertan (Egitaraua hemen).

Espazioak

100 saio inguru izango dira eguenetik domekara, 9 lekutan: Errekalde Plazan, Elexalde Errotan, Udaletxe Plazan, Udaletxe Biribilgunean, Bulebarrean, Institutuan, Aldapa Auditorioan, Udondon eta Kandelazubietan.

Ia jarduera guztiak karpa azpian egingo dira; aforoaren kontrola eta ikuskizunak gauzatzea bermatuta egongo dira, baita eguraldi txarra egiten badau be. Ikusizunetara sartzeko bete beharreko segurtasun-neurrien artean dagoz maskarea erabiltea, eskuak garbitzea, esleitutako jarlekua sartzeko ordenaren arabera hartzea (bizikidetza-unidade bakotxeko personak taldekatzea baimentzen da) eta leku desbardinetatik sartzea eta urtetea.

Jarduera profesionalak

Umore Azoka Leioa sektorea ezagutzeko, batzeko eta hausnartzeko gune legez eratu da eta, horregatik, aldi berean, hainbat jarduera profesional egiten dira. Jarduera horreetarako Estadu osoko 190 profesional baino gehiagok emon dabe izena, baita Portugalgo Kaleko Arteen arloko zuzendarien eta banatzaileen ordezkaritza batek be. Jarduera horreek Artekale - Euskadiko Kaleko Arteen ASlkartearen, SAREA, Euskadiko Espazio Eszenikoen Sarearen, COFAE, Arte Eszenikoen Estatuko Azoken Koordinatzailearen eta, edizio honetan, Fira de Tarregaren laguntza dute. Jardunaldi ireki bat egingo da Kultur Leioa Auditorioan, Pandemia ondorengo garaia Kaleko Arteentzat izenburupean, sektoreko Estadu mailako teknikarien, zuzendarien, konpainien eta bestelakoen parte-hartzeagaz.

Jarduera nagusien artean, nabarmentzekoak dira SAREAren Batzar Nagusia Kultur Leioako Auditoriumean eta euskal konpainien proiektu eta prozesu artistikoen aurkezpena barrubatzen dauen VI. Artekale-Sarea Topaketea. Sorburu saio bat be egingo da, 4 proposamen aurkeztuko dira auditorioan, horreen kontratazinoa bultzatzeko.

Horrezaz gan, Plazaratu saioak be egingo dira eta horreen barruan sektoreko txokoa eta umore Meeting-ak edo negozio-bilera azkarrak. Azkenik, aurkezpen bi egingo dira: alde batetik, COFAEko Azoketan akreditautako erakunde profesionalen bertaratzeak eta mobikortasuna gaiari buruzko COFAEren azterlana eta, bestetik, Manuel V. Vilanovaren Paisajes Escénicos liburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu