Sariak jaso ditue 2021eko Urruzuno literatura lehiaketako saridunek

Bizkaie! 2021-09-06 08:18   Kulturea

Saritutako lanakaz liburua argitaratu dabe eta eskola guztietara bialtzea da asmoa.



Eusko Jaurlaritzearen Lakuako egoitzan jaso dabe autortzea 2021eko Urruzuno Literatura Lehiaketan irabazle izan diran 20 neska-mutil gazteek, Amaia Agirre Ikaskuntzearen eta Hezkuntza Barriztatzearen zuzendaria buru zala egindako ekitaldian. Bost egunez Arantzako aterpetxean (Nafarroan) egonaldia egin ondoren heldu dira gazteok Gasteizera, izan be, abuztuaren 30ean hasi eta gaur arte, sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueratan parte hartu dabe gazteok, barriro ikasturteari heldu aurretik alkarregaz egun gogoangarri batzuk pasetako aukereari uko egin barik. Egonaldi hauxe izan dabe irabazleek sari nagusia. Aurten 36. edizinora heldu da gazteen literaturzaletasuna bultzatzeko Hezkuntza Sailak 1986tik atontzen dauen lehiaketea.

2021eko lehiaketaren irabazleakaz batera, igazko sarituak brbertan izan dira, aurreko urtean ezin izan baitzan ekitaldirik egin, pandemia tarteko.

Literatura egonaldia Arantzan

Bost egunez, lagun izan ditue Arantzako egonaldian Yolanda Arrieta, Fernando Morillo, Eneko Aizpurua edo Eñaut Elorrieta, besteak beste; idazle, musikari eta sortzaile horreekaz hurreko eta zuzeneko hartu-emonak izan ditue gazteek. Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartzeko aukerea izan dabe; Eneko Aizpuruagaz, ibilbide literarioa egin dabe Bortzirietako parajeetan, idazlearen Bidasoan gora lana abiapuntu hartuta; Eñaut Elorrietaren gitarra eta ahotsek, barriz, ahaztezin bihurtu dabe idazle gazte horreen egonaldia arratsalde batez; eta Amaia Elizagoien Amelie-ren ipuin kontaketa musikatuagaz, gaubelaren bat uste baino gehiago luzatu da. Baina aitatutako horreez gan, Andoni Egañak eta Jon Maiak girotutako bertso bazkaria eta gaubela literarioak be izan dira aste honetako egitarauan. Sormena lantzeko eta literatura-zaletasuna pizteko abagune polita gazteontzat, ikasketetara bueltau aurreko azken opor egunetan.

Aisialdiko kirol jarduerarik be izan dabe egunotan, Arantza eta inguruak barru-barrutik: Espeleologia eginez, Arruzpiko kobazuloa bisitau dabe idazle gazteek.

2021eko Urruzuno Literatura Lehiaketan 342 lan aurkeztu dira, 55 lan poesian eta 287 prosan. Egungo euskal literaturan eta kultur munduan entzute handikoak diran lagunak izan dira lehiaketako epaimahaian: Gari Berasaluze, Peru Iparragirre, Goiatz Labandibar, Jasone Osoro eta Patxi Zubizarreta.

2021eko edizio honetan saritutako lan danakaz liburua argitaratu dau Hezkuntza Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua laster banatuko da eskola guztietara, eta parte-hartzaile guztiei be bialduko jake.

Urruzuno Literatura Lehiaketea, 36 urteko ibilbidea

Hezkuntza Sailak 1986an atondu eban lehen aldiz Urruzuno literatura lehiaketea. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskeraz idazteko zaletasuna indartzea izan dau helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskeraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketeak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu eta azken hamarkadetako jardunak erakutsi dau lehiaketeak bere helburua ondo bete dauela. Irabazle horreetako asko euskal kultur munduan sano ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 500dik gora dira ekimen honek saritu dituan urruzunotarrak eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.

Urruzuno literatura lehiaketea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atontzen dau, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta. Edadea kontuan hartuta kategoria bi bereizten dira: A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan dabizen gazteek hartzen dabe parte; B kategorian, barriz, DBHko 3. eta 4. mailetan dabizanek.

Urruzuno 2021 - Saridunak

POESIA, A kategoria:

Ekaitz Martín Pérez

Idazlanaren izenburua: Boterearen dantza amaigabea.

Ikastetxea: Gernika-Lumoko Gernika BHI

Uxue Pérez Mugika

Idazlanaren izenburua: Loredien maitalea.

Ikastetxea: Beasaingo Beasain BHI

Ander Villacián

Idazlanaren izenburua: Ez-lekuak.

Ikastetxea: Bilboko Botikazar BHI

Irati Eizaguirre Otegui

Idazlanaren izenburua: Hego doinua.

Ikastetxea: Zarauzko Lizardi BHI

Nahia Urteaga López

Idazlanaren izenburua: Ohe zurian.

Ikastetxea: Loiuko Lauro Ikastola

POESIA, B Kategoria:

Maddi Agirre Epelde

Idazlanaren izenburua: Portzelanazko panpina.

Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Armentia Ikastola

Leyre Rivera Cuevas

Idazlanaren izenburua: Nire bizitzako mamuek zure izena daukate.

Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Santa María Ikastetxea-Marianistas

Maddi Guraya

Idazlanaren izenburua: Korrika bizian amildegiratzen den urpekaria.

Ikastetxea: Sopelako Ander Deuna Ikastola

Izaro Sánchez Azcarate

Idazlanaren izenburua: Jakin-mina

Ikastetxea: Burlatako Askatasuna BHI

Irati Oskoz Egiguren

Idazlanaren izenburua: Aukeratzen ez diren bidaiak.

Ikastetxea: Donostiako Arantzazuko Ama BHI

PROSA, A Kategoria:

Maider Eraunzetamurgil Elustondo

Idazlanaren izenburua: Eppur si muove.

Ikastetxea: Tolosako Laskorain Ikastola

Onintze Arrastia Mauleón

Idazlanaren izenburua: Izarrak zeruan.

Ikastetxea: Lizarrako Lizarra BHI

Txomin Valverde Costa

Idazlanaren izenburua: 240 segundo.

Ikastetxea: Leioako Artaza Romo BHI

Xuban Senar Usandizaga

Idazlanaren izenburua: Hesitik haratago.

Ikastetxea: Irungo Pio Baroja BHI

Maider Zugasti Rodríguez

Idazlanaren izenburua: Gutun klandestinoa.

Ikastetxea: Hernaniko Hernani BHI

PROSA, B kategoria:

June Aiestaran Iparragirre

Idazlanaren izenburua: Mendekuen fabrika.

Ikastetxea: Beasaingo Beasain BHI

Nahia Iturbe Orbegozo

Idazlanaren izenburua: Beirazko esfera.

Ikastetxea: Tolosako Laskorain Ikastola

Unax Muniozguren Alonso

Idazlanaren izenburua: Ilargiaren eskuetan.

Ikastetxea: Gernika-Lumoko Gernika BHI

Oihana Fernández de Larrinoa Ibarbia

Idazlanaren izenburua: Odolkiak ordainetan.

Ikastetxea: Villabonako Erniobea BHI

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu