BilbaoArtek Eszter Katalinen ‘Under the shadow of Azkorri’ erakusketea aurkeztu dau

Bizkaie! 2021-09-02 13:52   Kulturea

Vienan eta Bilbon bizi dan artista hungariarra da.

BilbaoArte Fundazinoa Eszter Katalin artista hungariarraren Under the shadow of Azkorri erakusketea aurkeztu dau Urazurrutia Aretoan, 2020an erakundearen bekea jaso ondoren. Katalinek erakusketeari izenburua emoten deutson bideo piezea erakutsi dau, sorkuntza prozesura hurreratzen gaituen irudi, bideo eta idatziakaz batera. Erakusketea astelehenetik barikura bisitau ahal izango da, 17:30etik 20:30era, urriaren 1era arte. Sartzea doban da eta edukiera mugatua izango da.

Under the shadow of Azkorri (Azkorriren itzalpean) izen bereko bideoan oinarritutako erakusketea da. Hasiera batean, paisajeak eta bertako kide izateari buruzko hausnarketak lanaren ardatz dira, Azkorri hondartzan egindako erretratu batek azken piezea sortzeko prozesua abiarazoten dauelarik. Azkenik, Azkorri eta Azala Kreazino Espazioaren (Lasierran, Araba) inguruko paisaje baino ez da azken piezearen parte.

Ikuspegi aldaketa batek sentiberatasuna zelan aldatu leiken azaltzen dau lanak. Pieza protagonistara sarbidea egiteko, erakusketa-aretoaren lehen erdia dokumentuz, fotogramaz eta irudi-bilduma batez osotutako denbora-lerro bat dago, bisitaria Under the shadow of Azkorri (bideoa, 17') produziduteko egiten dauen ikerketara hurreratuz.

Miklós Jancsóren Még kér a nép (Salmo gorria, 1972) filmaren keinu bat erreproduziduten dau zuzendari hungariarrak. Sorkuntza prozesua irudikatzen daben irudien artean, film honen laburpen bat ikusi daiteke, musikea, gorputzen koreografia eta kanpoaldeko grabazinoa nabarmenduz, Under the shadow of Azkorri filmaren funtsezko elementuak.

Ondoren, Miklós Jancsóren filmaren keinu bera, LGBTQIA+ Yelena Grigoryeva ekintzaile errusiarraren erretratu batean dago.

Artista hungariarrak komunismoaren irudikapen estetikoa be nabarmendu eta Jancsôren filma erabilten dau lurraren jaubetzeari eta langileriak eskubide horreek berreskuratzeko dauen zereginari buruzko diskursoagaitik.

Piezea 2020. urtearen hasieran hasi zan grabetan eta martian konfinamenduak eten eban produkzinoa. Mundu mailan estreinau eben Oberhausen International Short Film Festival-ean 2021ean (International Online Competition kategorian hautatua) igazko maiatzean eta Salzburger Kunstvereinek atondutako Sunset Kino Award-erako aurrehautatua izango da. Bagilera arte ezin izan eban lanean jarraitu.

Erakusketearen katalogoan, egileak egindako sarrera labur bat eta Mika Maruyama kuradorearen testu bat dagoz. Maruyamak artistearen ibilbideari modu zabalagoan eta ikuspegi queer-feministatik heltzen deutso eta Katalinek 2018an egindako lana be aztertzen dau Mária Vörösben (Mary in Red, 29'), Under the shadow of Azkorri-gaz lotura estua dauena.

Eszter Katalin (Budapest, 1991)

Ikus-entzunezkoetan aditua, Vienan eta Bilbon bizi dan artista hungariarra da. Haren praktikak burruka soziopolitikoei lotutako subjektuen irudikapena dudan jarten dau ikuspegi feministatik. Artistearen lana Diagonale-Festival des österreichischen Films jaialdian aurkeztu da, Grazen, 17an. Filmmor International Women ‘s Film Festival on Wheels Istanbulen, baita Rencontres Internationales Paris/Berlin 2018/19 bideotekan be. 2019an, Donostiako Tabakalera Arte Garaikideko Zentroan egoiliar izan zan eta oraintsu bakarkako lehen erakusketa egin eban Esloveniako Likovni Galleryen Celje aretoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu