'Luis Paret Bilbon' erakusketea urriaren 17ra arte luzatu dau Arte Eder Museoak

Bizkaie! 2021-09-02 12:56   Kulturea

Antoni Muntadasen instalazinoa be denpora luzeagoz geratuko da Bilbon.

Luis Pareten koadroa | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken hileotako erakusketa handiak pixkanaka amaitzen doaz Bilboko Arte Eder Museoan, hurrengoei lekua egiteko. Jentearen gustoko izan diranetako batzuk, baina, luzatu egingo ditue, publikoari horreek ikusteko aukera zabalagoa emoteko. 

Luis Paret Bilbon. Arte sakratua eta profanoa izenekoa, esate baterako, urriaren 17ra arte luzatu dabe, eta, beraz, interesa dabenek beste hile eta erdi izango dabe. Arte Eder Museoaren eta Eleiz Museoaren arteko lankidetzeari esker antolatu dabe erakusketea, museo bietan dagoz pieza esanguratsuak. Bietan luzatu dabe epea urriaren 17ra. 

XVIII. mendearen amaieran, Luis Paret artisteak denporaldi bat pasau eban Bilbon. Uriko txokoak eta bizimodua agertu zituan bere koadroetan eta eleizetarako artelan barriak sortzen lagundu eban. Paretek Bilbora ekarri zituan jokera artistiko barriak eta urian lagatako ondare aberatsa batzea da erakusketearen helburua.

Muntadas: hiri hutsa instalazinoa ikusteko epea be luzatu egingo dau Arte Eder Museoak, urriaren 26ra arte. Ikus-entzunezko sormen artistikoaren aitzindarietako bat da Antoni Muntadas eta, instalazino horretan, Covid-19aren eraginezko itxialdiko Bilbo erakusten dau. 

Beste erakusketa batzuk, ostera, aurreikusitako egunean amaituko dira, irailaren 5ean, domekea. Azken asteburua da, beraz, honeek ikusteko: Mendiburu, materia eta memoria atzera-begirako zabala; José Ramón Prietoren bilduman oinarritutako Womanology; Ana Laura Aláezen Queer eramaileak: doblea eta errepikapena; eta Obra Konbidaduaren programearen bidez heldutako Grekoaren, Velázquezen eta Goyaren koadroak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu