Jordi Romaguera i Cubedo kataluniar editorearen dohaintzea Sabino Arana Fundazinoari

Bizkaie! 2021-09-02 10:49   Kulturea

Dohaintzan emon deutsoz 30. eta 50. hamarkadetako hainbat euskal argitalpen.

Jordi Romaguera i Cubedok, La Lletra D’or argitalpenaren editore eta Diccionari plurilingüe de verbs (katalanerea, ingelesa, gaztelania eta frantsesa) izenburuko hiztegiaren egileak Sabino Arana Fundazinoari dohaintzan emon deutsoz Euskadin XX. mendearen lehen erdialdean editau ziran hainbat argitalpen, bere agiritegi personalean gordeten zituanak, besteak beste, Xabiertxo izenekoaren ale bat. Liburu hau Ixaka López de Mendizabalek argitaratu eban 1925ean, Jon Zabalo Txiki izenekoaren irudiakaz eta liburu ha ezinbesteko bihurtu zan 1936ko gerra aurreko ikastoletan.

Guda Zibil sasoian, liburua debekatu egin eben eta egile biak atzerrira joan ziran: Txiki Ingalaterrara joan zan eta Ixaka Argentinara eta hantxe argitaratu eben Xabiertxoren hirugarren edizinoa. Danetara, liburuaren zazpi edo zortzi edizino publikau zituen.

Kataluniar editoreak Sabino Aranari dohaintzan emon deutsona bigarren edizinoan ataratakoa da, Tolosan 1932an argitaratu zana.

Era berean, Jordi Romaguerak Fundazinoari dohaintzan emon deutsoz Arrateko (Eibar), Guadalupeko (Hondarribia), Junkaleko (Irun) eta Itziarko birjinei eginiko ereserkien 1959ko lau partitura, ilustratuak danak, baita 1931ko Euzkel-Abestiak; baita euskal kantutegia eta aditzen hiztegi eleaniztunaren ale bat be, argitaratu barri diran beste dokumentu batzuen artean.

Erretratuak Jordi Romaguerarenak (Emaztea eta semea), Sabino Arana Fundazikoko Mireia Zarate eta Josune Ariztondo.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu