Kultur Uherik helburuak bete dituala dino Ondarroako Udalak

Bizkaie! 2021-08-31 12:23   Kulturea

Ikuskizunetara 2.000 lagun inguru joan dira. 

Yogurinha Borova, Aurori Badiola eta Ibai Sanchez, Kultur Uheriren ekitaldi baten (argazkia: Ondarroako Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Amaitu da uda honetako Kultur Uheri egitasmoa Ondarroan, eta Udalak dino helburuak bete dituala eta arrakastatsua izan dala. Andra Mari jaien ordez, kultureagaz eta sormenagaz lotutako hainbat saio antolatu ditue Kultur Uheriren programazinoaren barruan, tartean, kontzertuak, jantzaldiak, kirola eta umeentzako jarduerak. 2.000 lagun inguru joan dira horreek ikusten.

Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak azaldu dauenez, egitasmoaren helburu nagusietako bat da kultur emonaldien bidez urte guztian jorratzen diran gaiak lantzen jarraitzea: herritarrakaz landu nahi doguzan gaiak oholtzara eroatea lortu dogu kultur emonaldietan, adibidez, euskerea, bardintasuna, ahalduntzea, aniztasuna, aske bizitzeko beharra, etxebakoak, ekologia eta artea. Horreez gan, umorearentzako eta musikearentzako tarterik be ez da falta izan.

Ikusleen erantzuna ona izan dala uste dau zinegotziak, kopuru zein jarrera aldetik. Herritarrez gan, inguruko herrietatik be jentea hurreratu dala ikusi dogu, eta ikusleen jarrera ona be azpimarratu nahi dot, ezarrita egozan arauak errespeteteagaitik.

Publikoari ez eze, Kultur Uheri ekimenean parte hartu daben artista guztiei, antolaketa lanetan laguntzen ibili diran sei lagunei eta Turismo Bulegoko langileei eskerrak emon deutsez zinegotziak. Udaleko sailen arteko koordinazinoari esker antolatutako ekimena izan da aurten be Kultur Uheri. Aritza Aristondoren ustez, momenturik hunkigarriena Mikel Agirre Unamuno aizkolari ondarrutarrak 3. mailako aizkora txapelketea irabazi eta 2. mailara igotea lortu ebanekoa izan zan.

Protokolo eta arau guztiak beteta, pandemiak ez dau aparteko oztoporik eragin Kultur Uherin, baina bestelako ezustekoek bai. Hori dala eta, ekitaldi bi bertan behera itxi behar izan zituen: eskupilota partiduak (eguraldiagaitik) eta Bentazaharreko neska mutiko alaiak taldearen kantaldia (kide baten istripuagaitik). Asteburu honetan bertan egingo ditue, zapatuan partiduak eta domekan kantaldia. 

Honenbestez, Andra Mari jaien ordez Kultur Uheri izan dabe Ondarroan bigarren urtez. Ekimen arrakastatsua izan dan arren, datorren urteko abuztuan beti-betiko jaiak antolatu ahal izatea da Udalaren esperantzea. Bestela, gu prest egongo gara beste behin Kultur Uheri ekimena antolatzeko, ziurtatu dau Kultura zinegotziak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu