Abel Iriondo jantzaria eta jantza-maisua hil da
2021-08-30 12:18 KultureaBesteak beste, Aiko Taldeagaz lan egin eban.
Ezustean heldu da Abel Iriondoren heriotzearen barri euskal jantzearen mundura, bihotzekoak jota hil dalako, 55 urte baino ez eukazala. Elgoibarren jaioa, aspalditik Durangon bizi zan Iriondo, eta jantzearen alorreko makina bat talde, proiektu eta ekimenetan ibilita egoan.
Elgoibarko Izarra eta Haritz jantza taldeetan hasi zan, herriko jantzaririk ezagunenetakoa bihurtu arte. Argia eta Kezka taldeakaz egindako lanak etorri ziran gero, baita sona handiko ikuskizunak be, adibidez, Pas de Basque. Elgoibarren, San Bartolome eguneko aurreskuan eta Errosarioko ezpata-jantzan protagonistea izan zan luzaroan, baita Eibarko Arrateko ezpata-jantzan be.
Durangora bizi izaten joan zanean, 1996an, hango Kriskitin talde ezagunean hasi zan Iriondo. Jantzan abila zan, baina bere jakintzea ez eban beretzat gorde, transmisinoari be ekin eutsalako, Aiko Taldeagaz alkarlanean. Durangoko Plateruenan Aikok antolatzen dituan ikastaro eta erakustaldietako maisu izan zan luzaroan Abel Iriondo.
Hortaz, arrastoa itxi dau Durangaldeko jantzari eta zaleen artean. Batzuk kide izan zituan, beste batzuk ikasle, Aiko Taldekoek era honetara gogoratu dabe: Sinestu ezin... umezurtz gelditu dira gure jantzaldiak eta soka jantzak... Besarkada handi bana etxekoei eta guztiei Aiko Taldearen izenean. Grabilleta bakotxean, artazi bakotxean, puntapio bakotxean geugaz jantzan eroango zaitugu, Abel... bihotzean, irriparrez eta zintzo, jantzari jantzazale guztion eredu, beti eta betiko.
Abel Iriondoren aldeko hiletea Durangoko Santa Ana parrokian egingo dabe, bihar, martitzena, abuztuak 31, arratsaldeko 19:00etan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!