Bilboko Irria eredugarria izan dala dinoe Konparsek

Bizkaie! 2021-08-30 10:08   Kulturea

Jente askok hartu dau parte, baina osasun neurriak zorrotz bete dira.

Danetariko jarduerak egon dira Bilboko Irrian (argazkia: Bilboko Konparsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aste Nagusiaren ordez antolatutako Bilboko Irria egitarau kulturala amaitu da, eta Bilboko Konparsak pozik agertu dira bost egunez urian zabaldu daben giroaz. Baimendutako ekitaldi guzti-guztiak egin ahal izan dira, ezelako arazo barik eta osasun neurri guztiak betez.

Konparsak pozik dagoz jentearen erantzunagaz, parte hartzeko gogoz joan dalako ekitaldi guztietara. Erraldoiek eta dianeak izan daben harrera aparta nabarmendu dabe. Eguraldi ona lagun izan dabe, herritarrak erakarteko zein osasun baldintzak zorrotz beteteko: jarduera guztiak aire zabalean egin ahal izan diranez, distantziak gordetea eta aforoak errespetetea errazagoa izan da.

Bilboko Irria eredu izan da, beraz, pandemia sasoian kulturgintzea antolatzeko orduan. Eragile herrikoiek erakutsi dabe kulturea egin leikiela, eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi, euskaldun eta internazionalistearen arabera, esan dabe Konparsek ohar baten. 

Covid-19aren kontrako protokoloa eraginkorra izan dala eta, beraz, Udalak galarazotako lekuetan be ekitaldiak seguruak izango zirala uste dabe Konparsek. Arenalean eta Erripan lasai asko egin eitekezan jarduerak, oharrean dinoenez.  

Konparsek eskerrak emon deutsez Bilboko Irrian parte hartu daben kulturgileei eta debekuen ondorioz parte hartzerik izan ez dabenei. Emandako laguntzinoa eskertu deutse SOS Ostalaritzari, Bira Zapatistari, Bizkaiko Pensinodunen Mugimenduari, udal teknikariei eta abarri.

Azkenik, alkarlanerako deia egin deutse Bilboko Udalari eta Juan Mari Aburto alkateari. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu