Expodistritok pinturea eta argazkigintzea eroango ditu Bilboko auzoetara

Bizkaie! 2021-08-26 12:14   Kulturea

Irailean hasiko dira erakusketa ibiltariak.

Artea uriko auzo guztietara eroateko asmoz sortutako proiektu deszentralizadua da Bilboko Expodistrito. Hainbat sortzaileren erakusketak txandaka ikusi leitekez barruti guztietako udaltegietan. Bilboko Udalak azaldu dauenez, Expodistritoren hurrengo edizinoa prest dago, irailaren 1ean bertan hasiko da.

Oraingo honetan, hamar erakusketa ibiltari dagoz egitarauan, gehienbat pinturea eta argazkigintzea oinarri dabenak. Honeek dira artistak: Aitor Fernández Vázquez (pinturea); José Ramón S. Alzola (pinturea); José Vicente Sobradillo (pinturea); Karen Amaia (argazkigintzea); Alfonso Moral (argazkigintzea); Sol Agirre (argazkigintzea); David Santiago, Juan Tapia eta Francisco Ubillla (argazkigintzea); eta Imanol Marrodan (pinturea).

Ganera, Emakume aitzindari batzuen bildumea erakusketa berezia ikusi ahal izango da, IES Errekaldeberri ikastetxeko kideek atondua. Bestetik, Misino pedagogikoak 1931-1936 erakusketan, 90 urte egingo dabe atzera, kulturea zabaltzeko ekimen barritzaile baten historia gogoratzeko.

Expodistritoren ziklo hau 2021eko urtarrilaren hasikerara arte egongo da martxan. Udaltegi bakotxetik hiru eta bost erakusketa bitartean pasauko dira, txandaka. Horri esker, auzo ugaritan ikusi ahal izango dira hamar erakusketak. 

Lauhileko honetako egitarauan, honeek udaltegiak dagoz: Abando, Begoña, Alde Zaharra, Castaños, Otxarkoaga, Errekalde, San Inazio-Ibarrekolanda eta San Frantzisko. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu