Martxa koloretsu bategaz ekin deutse Bilboko Irriari

Bizkaie! 2021-08-26 08:33   Kulturea

Domekara bitartean, ekitaldi kultural ugari egongo dira Bizkaiko uriburuan.

Martxearen hasikerea, udaletxearen aurrean (argazkia: Bilboko Konparsak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pandemiaren eraginez, aurten ez da Bilboko Aste Nagusia egingo, baina, horren ordez, ekitaldi alternatibo ugari antolatu ditue egunotarako. Esate baterako, Bilboko Konparsek atzo, eguaztena, ekin eutsen Bilboko Irria programazino bereziari, kulturea eta baikortasuna modu seguruan zabaltzeko asmoz.

Kalejira edo martxa koloretsu batek zabaldu eban Bilboko Irria, udaletxetik urten eta, Arenalean zehar, Arriaga plazaraino. Kolektibo eta eragile sozial ugarik egin eben bat Konparsen ekitaldiagaz: Bira Zapatisteak, Pensinodunen Mobimenduak, Zazpi Kaleetako ostalariek eta Teknikariak alkarteak, besteak beste.

Kultura herrikoia beharrezkoa dala eta modu seguruan egin leitekela aldarrikatu eben kalejiran. Udalak Bilboko Irriaren egitarauko hainbat ekitaldi galarazo dituala salatu eben Konparsek, eta martxea horren erakusgarri izan zan: momentu guztietan distantziak gorde zituen parte-hartzaileek. 

Arriagara heltzean txupina bota eben eta kultura eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi, euskaldun eta internazionalistea aldarrikatu. Bilboko Irria domekara arte egongo da martxan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu