Erandiora dator Eureka!, domeketako kultur zikloa

Bizkaie! 2021-08-25 08:46   Kulturea

Irailean lau saio egingo ditue, besteak beste, uretatik lehorrerako bertso saioa.

Erandioko Gautxoriak alkarteak herriko giro kulturala biztuteko ekimen barria antolatu dau, Eureka Domeka! izeneko zikloa hain zuzen. Iraileko lau domeketan, 18:00etan, ekitaldi kulturalak egingo ditue: musikea, bertsoak eta marrazketa inprobisadua. Saio guztiak erreka ertzean izango dira, malekoiaren eta gasolinoaren geltokiaren inguruan. 

Herria biziarazotea eta euskerea plazerragaz lotzea dira Gautxori alkartearen sakoneko asmoak, ohar baten adierazo dabenez. Horregaitik, lehen mailako kulturgileak dagoz egitarauan, eta originaltasun zein ludikotasun handiko jarduerak asmau ditue. 

Beharbada, ekitaldirik deigarriena irailaren 19koa da. Bertso saioa da, baina uretatik lehorrera kantauko dabe Nerea Ibarzabalek eta Eli Pagolak, Beñat Vidal gai-jartzailearen aginduetara. Berez, bertsolariak gasolinoan egongo dira, eta entzuleak moilan. Jentea ur eta lur ixtea da antolatzaileen asmoa. 

Eureka Domeka! zikloari ekiteko, irailaren 5ean, Miren Narbaizaren (MICE) kontzertua dator Erandiora. 12an, marrazketa inprobisaduan ibiliko dira Unai Iturriaga eta Dani Fano marrazkigileak, Iñigo Astiz kazetariak botetan deutsezen gaiei papelaren ganean erantzunez. Azken saioan, irailaren 26an, Westfalia Txou System taldeak musikea eta umorea zabalduko ditu furgoneta baten ganetik Erandioko kaleetara. 

Gautxoriak alkarteak ohartarazo dau Covid-19ari aurre egiteko neurriak ezarriko dituela. Ganera, saioren baten eguraldi txarra egon ezkero, Altzagako Gazte Txokora eroango dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu