Marion Cotillard aktoreari Donostia Saria emongo deutse

Bizkaie! 2021-08-24 12:37   Zinemea

Zinemaldiko lehiaketearen inaugurazinoan, irailaren 17an, jasoko dau oroigarria.

Marion Cotillard | Ikusi handiago | Argazki originala

Frantziako zinemagintzako gaur egungo arpegirik ezagunenetakoen artean dago Marion Cotillard aktorearena, bere herrialdean zein nazinoartean egin dituan film ospetsuei esker. Personaien azalean sartzeko dauen trebetasunagaitik eta zinema garaikideko ikono bihurtzeagatik, errekonozimendu zabala dau mundu guztian. Donostiako Zinemaldiak be Cotillardi gorazarre egingo deutso, 69. edizinoko Donostia Sarietako bat emonda.

Hortaz, aktore bik jasoko ditue Donostia Sariak. Izan be, orain dala egun batzuk Zinemaldiak aurreratu eban Johnny Depp aktore estadubatuarrari be sari hori emongo deutsela 2021eko edizinoan. Cotillard eta Depp, biak ikusi izan doguz pantaila handian sarri, goi mailako produkzinoetan. 

Marion Cotillardi Donostia Saria emoteko ekitaldia irailaren 17an egingo dabe, Kursaal antzokian, Zinemaldiaren lehiaketea inaugurauko dauen ekitaldian. Bertan izango da aktore frantsesa, eta, ganera, film bi proiektauko ditue: Carlos Sauraren Rosa Rosae. La Guerra Civil laburra eta Zhang Yimouren Yi miao zhong luzea. Sarrerak irailaren 12an hasiko dira saltzen.

Txikitatik artearen eta zinemagintzearen munduan sartuta egon da Marion Cotillard (Paris, 1975), aita be antzerkigile txalotua izan zan ezkero. Hain zuzen be, aitaren obra baten egin eban debuta, umea zala. Telesail ugaritan ibili zan hasikeran, zinemara salto egin aurretik.

L’histoire du garçon qui voulait qu’on l’embrasse (Philippe Harel, 1994) filmean agertu zan lehenengoz pantaila handian, eta Taxi saileko pelikulei esker egin zan ezagun. Frantzian publikoaren eta kritikearen onespena batuta, 2003an Ameriketako produkzino baten agertu zan: Tim Burtonen Big Fish. Urtebete geroago, Cesar saria irabazi eban lehenengoz (Un long dimanche de fiançailles, Jean-Pierre Jeunet).

Édith Piaf kantariaren azalean egindako lanari esker (La môme, 2007) sari ugari irabazi zituan Cotillardek, tartean Oscar Saria. Frantziako Arte eta Letren Ordenaren dominea emon eutsen handik lasterrera. 

Izar distiratsu bihurtuta, Ameriketako zein Europako produkzino ugaritan lanean segidu dau Cotillardek: The Dark Knight Rises (2012), Juste la fin du monde (2016) eta Annette (2021), beste askoren artean. Ganera, ingurumenaren aldeko ekintzailetzan dabil. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu