Johnny Depp aktoreari emongo deutse Donostia Saria

Bizkaie! 2021-08-09 12:12   Zinemea

Ia lau hamarkadako ibilbide oparoagaitik egingo deutso Zinemaldiak gorazarre.

Hollywoodeko gaur egungo izar handienetako batek jasoko dau 2021eko Donostia Sarietako bat, 69. Donostiako Zinemaldiaren barruan. Johnny Depp amerikarra film komertzial arrakastatsuetan zein produkzino ausartetan ikusi dogu, danetariko roletan, beti personaia bitxiak edo ertzetakoak antzezten.

Publikoaren miresmena ez eze, sari ugari batu ditu Deppek. Ibilbide oparo horri autortzea egiteko emongo deutso Zinemaldiak Donostia Saria, irailaren 22an egingo dan ekitaldian, Kursaal auditoriumean.

Johnny Depp (Kentucky, AEB, 1963) 1984an agertu zan lehenengoz pantailearen aurrean, Freddy Krugerren saileko film baten, baina 1990aren bueltan egin zan ezagun. Urte haretan, John Watersen Cry-baby eta Tim Burtonen Edward Scissorhands filmetako protagonistea izan zan.

Harrezkero, lan gogoangarrietan ikusi dogu Depp. Batzuk aitatzearren, Ed Wood (1994), Chocolat (2000), Sweeney Todd (2007), Black Mass (2015) eta Murder on the Orient Express (2017). Ezin ahaztu, ganera, Karibeko Piraten saileko lau pelikuletan Jack Sparrow itsaslapur eta abenturazalearen azalean egindako lana. 

Hiru izendapen izan ditu Oscar Sarietan aktorerik onenaren atalean, eta bat bera be irabazi ez dauen arren, beste sari garrantzitsu batzuk baditu: Urrezko Globoa, Screen Actors Guild Award eta People' s Choice Award.

Donostiako Zinemaldian be izan dabe Johnny Deppen barri. 1998an etorri zan lehenengoz, Terry Gilliamen Fear and Loathing in Las Vegas filma aurkeztera. Igaz, ostera, Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan aurkeztu eban Zinemaldian. Hirugarren aldia izango dau, beraz, aurtengoa. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu