Bilboko Udalak Zabala auzoan egingo ditu iraileko bisita gidatuak

Bizkaie! 2021-08-23 11:10   Kulturea

Parte hartzeko aukera bi dagoz: Ezagutu oinez eta Ezagutu familian.

Zabala auzoa, trenbidearen beste aldetik ikusita (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Izan programearen barruan Bilboko Udalak uriko auzoetan antolatzen dituan bisita gidatuak bueltan datoz abuztuko etenaren ostean. Irailean Zabalaren txandea izango da, parte-hartzaileek auzo horren historiaren, ezaugarrien eta bitxikerien barri izango dabe dobako bisitaldiotan. Izena emoteko epea abuztuaren 25ean zabalduko dabe.

Modalidade edo aukera bi egongo dira bisitaldiak egiteko orduan. Batetik, orokorra, Ezagutu oinez izenekoa. Bestea, umeak daukiezan familientzako egokitua, Ezagutu familian izenekoa. Kasu bietan, Zabalako ondarea modu dibertigarri eta dibulgatiboan ezagutu ahal izango dabe izena emoten dabenek. 

Ordu eta erdi inguruko bisitak izango dira, egunero: Ezagutu oinez astelehenetik zapatura eta Ezagutu familian domeketan. Bigarren modalidade horretan, olgeta eta ipuinak be erabiliko ditue, eta lau urtetik gorako umeentzat eta euren familientzat da aproposa. 

Ezagutu familian modalidadea elebiduna da, hau da, euskeraz eta gaztelaniaz. Bestean, ostera, eguen arratsaldeko bisitak baino ez dira euskeraz. Talde handi batek eskaria egin leike beste egunen baten be euskerazko bisitaldia adosteko. 

Industriaren eragina

Gaur egun Zabala auzoa dagoan lekuan Mena izeneko eremua egon zan aspaldi, baserriz eta landaz betetakoa. Industrializazinoak goitik behera aldatu eban Miribillako mendiaren magaleko inguru hori. Burdin-meategiak albo baten, trenbidea bestean, Zabala guztiz uritartu zan.

Iragan industrial horren aztarnak agirikoak dira oraindino Zabalan, bisita gidatuetan erakutsiko dabenez. Antxinako, lokalak, adibidez Amparo, bizilagun zaharren gomutan dagoz, eta trenbideko beharginen etxebizitzak be bai. Gaur egun, auzo multikultural, dinamiko eta modernoa da Zabala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu