Plentzian dago II. BBK Artearen Ibilbidea
2021-08-23 10:29 KultureaBilboko Arte Eder Museoko obren erreprodukzinoak ikusi leitekez, aire zabalean.
Bizkaiko kostaldeko herrietan egiten dabilen zirkuituaren hurrengo geldialdia Plentzian egingo dau II. BBK Artearen Ibilbideak, gaur, abuztuak 23, hasita. Panel handietan, Bilboko Arte Eder Museoko 36 obraren kalidade oneko erreprodukzinoak ikusi leitekez hilaren 30era arte, artelan bakotxaren informazino gehigarriaz gan.
Ontziola plazan egongo da Artearen Ibilbideko erakusketea. Aire zabaleko ekimena da, dobakoa eta librea, egun osoan ikusi leitekez artelanen erreprodukzinoak. Azken baten, Arte Eder Museoko obrak Bizkai osora zabaltzea eta herritar guztiek gozau ahal izatea da helburua.
Aurtengo Museoaren Ibilbiderako 36 artelan aukeratu ditue. Kalidade handiko erreprodukzinoak egin eta panel handietan ipini ditue, obra bakotxari jagokozan argibide eta datu guztiakaz batera. QR kode baten bidez, ikusleak bere gailu eroangarrira deskargau leikez testuak, baita audiogidearen azalpenak be.
ABC Museoaren Alfabetoa erakusketako formatua kalera eroan dau Artearen Ibilbideak: museoan, areto bakotxa letra bati jagoko, eta herririk herri dabilen erakusketan, letra bakotxeko artelan bat aukeratu dabe. Plentzian ikusi leitekez, beraz, bertoko eta kanpoko artista handien lanak: Paul Gauguin, Isabel Baquedano, Sofonisba Anguissola, Grekoa, Agustin Ibarrola, Jesús Mari Lazkano, Menchu Gal, Peter Blake, Aurelio Arteta eta beste asko.
Garagarrilaren 5ean hasi eban bidea BBK Artearen Ibilbidearen bigarren edizinoak, Ondarroan. Hurrengo egunak Plentzian pasau eta gero, urrira arte segiduko dau herririk herriko bidaia. Hain zuzen be, Getxo da hurrengo geltokia, abuztuaren 30etik irailaren 6ra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!