Burdin Aroko arrasto arkeologikoak agertu dira Tafallan

Bizkaie! 2021-08-18 12:55   Kulturea

Eremua hesitu eta seinaleztauko dau laster Nafarroako Gobernuak.

La Gariposako aztarnategiaren aireko ikuspegia (argazkia: Nafarroako Gobernua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala 2.000 urte ingurukoak izan leitekezan aztarna arkeologikoak agertu dira Tafallan, La Gariposa izeneko inguruan. Lehendik ezagutzen zan herrixka erromatar baten arrastoetatik ekialdera egin dabe aurkikuntza barria, Nafarroan Abiadura Handiko Trenaren obrak egiten ebizala. Ondorioz, Vianako Printzea erakundeak baimena eskatu dau inguruan lan arkeologikoak egiteko.

Oraindino eremua hobeto aztertu behar dabe adituek, aztarna gehiago agertzen ete diran begiratu eta kronologia zehatzak egiteko. Lehenengo analisien arabera, bigarren Burdin Aroko egitura bat izan leiteke Tafallan agertu dana. 

Orain arteko datuak aztertuta, ez dabe baztertu beste egitura arkeologiko batzuk agertzea oraingoaren alboan. Edozelan be, azaleko ikerketak baino ez dira egin oraindino. Aztarnategiaren azalera osoa, eskulturen antxinatasuna eta abar aztertu beharko ditue adituek, estratigrafiaren alorreko tekniken bidez. 

Momentuz, 5.000 metro koadroko azalerea hartzen dau aztarnategiak. Nafarroako Gobernuak laster zarratuko dau eremua hesi batez, eta aztarnategi arkeologikoa dagoala dinoen seinaleak ipiniko ditu. Era horretara, lapurretak edo kontrolau ezin diran kalteak eragotziko ditue. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu