Performance artistikoa ardatz BilbaoArteren egitarauan

Bizkaie! 2021-08-18 10:44   Kulturea

Ikastaroa eta jardunaldiak egongo dira, goi mailako aditu eta artistek gidatuta.

BAGI! Bilbao Arte Gela Edegia programearen egitaraua aurrera doa BilbaoArten eta abuztuaren bigarren zatian performance artistikoa izango da jardueren ardatza. Arte garaikidearen inguruko gogoetea, formakuntzea eta ekintzea bultzatzen dituan BAGI! egitasmoan ezin zan faltau performancea, gaur egungo euskal artista askoren adierazmoldea dala kontuan hartuta.

Lehenik eta behin, abuztuaren 19an eta 20an, Patricia Lópezek ikastaro labur bat emongo dau BilbaoArteko Art House Cinema gunean. Euskal artearen bilakaerea performancearen edo ekintzazko artearen ikusmiratik aztertuko dabe, genero horretan jardun daben sortzaileak ezagutzeaz gan: José Antonio Sistiaga aitzindariagaz hasi eta oraintsu alor horretan hasi diran Sra. Polaroiska eta Endika Basagurenera heldu bitartekoak.

Ikastaroko parte-hartzaileek, amaieran, euren sorkuntzak erakutsi ahal izango ditue. Dana dala, performanceak egiten ikasteko beste tailer labur bat be badakar BilbaoArtek, kasu honetan Isabel Leónek gidatua. Abuztuaren 23an egingo da. Ekintzazko artearen hasi-masiak landuko ditue, gorputzagaz zein inguruagaz lan egiteko moduak aztertuz. 

Bestetik, abuztuaren 23tik 26ra, Corren malos tiempos para los cuerpos jardunaldiak hartuko ditu BilbaoArtek, ikastaroaren osogarri lez. Endika Basaguren koordinatzaile dala, performancearen alderdi ugari jorratuko ditue, gaur egungo egoerea ezagutu, gogoetea eragin eta sormena biztuteko asmoz. Azken egunean, 26an, parte-hartzaileen performance kolektiboa aurkeztuko dabe.

Jardunaldien barruan, Ramón Churruca artistearen performance batzuen bideoak proiektauko ditue, baita Hilos de tiempo dokumentala be. Esther Ferrer artista ezagunagaz bideo bidezko topaketea egingo dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu