Bilboko Arriaga Antzokiak eskaintza oparoa dakar abuztuaren amaieran
2021-08-17 12:46 KultureaAurten Aste Nagusia egingo ez dan arren, goi mailako estreinaldiak etorriko dira Bilbora.
Normalean, Bilboko antzerkizaleentzako sasoi oparoa izaten da abuztuaren bigarren hamabostaldia, Aste Nagusiaren egitarauaren barruan antzezlan ospetsuak etorten diralako Arriaga Antzokira. Aurten, Covid-19aren erruz jairik egongo ez dan arren, Arriagako programazinoak urteroko apustuari eutsiko deutso.
Aste honetan bertan hasiko dira estreinaldiak, lehenengoa La habitación de María. Abuztuaren 19an ikusiko da lehenengoz Arriaga Antzokian, Concha Velasco aktorea oholtza ganeko protagonista bakarra dala. Etxetik urten barik 43 urte daroazan idazle arrakastatsu baten azalean sartuko da Velasco. Halako baten, sutea biztuko da bere etxean, eta handik urten beharko dau.
José Carlos Plaza da La habitación de María antzezlanaren zuzendaria. Concha Velasco, ostera, Espainiako arte eszenikoetako gaur egungo izar nagusietako bat da, 70 minutuko obreari berak bakarrik eusteko gai. Hilaren 22ra arte, lau emonaldi baino ez ditue egingo Bilbon.
Arriagak dakarzan hurrengo antzezlanak dira Arthur Millerren La muerte de un viajante klasikoa (abuztuaren 25etik 29ra), oraingoan Imanol Arias aktore nagusi dala; eta Fernando Fernán Gómezen El viaje a ninguna parte (irailaren 2tik 12ra), hau be klasiko handi bat, zinemara be eroan izan dana.
Privacidad obrea be laster helduko da Bilbora (irailaren 16tik 26ra), Esteve Ferrerrek zuzendua, James Graham eta Josie Rourkeren lanean oinarrituta. Ezinegona eragiteko asmoz datorren obrea da, munduan pribatutasuna gordetea gero eta gatxagoa dala erakusten dauelako. Edward Snowdenen kasua da antzezlan honen abiapuntua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!