Bilboko Pabilioi 6 prest dago 10. urteurrena ospatzeko

Bizkaie! 2021-08-13 08:51   Kulturea

Abuztuaren 20an ekingo deutso denporaldi barriari.

'Palabrarismos' antzezlaneko kartela | Ikusi handiago | Argazki originala

2011ko abuztuaren 22an zabaldu zituan ateak Pablioi 6 aretoak, Bilbon, arte eszenikoen agertoki izateko eta sormena bultzatzeko. Hortaz, datorren astean 10 urte beteko ditu. Pabilioi 6ko arduradunek azaldu dabenez, programazino indartsu bategaz gogoratuko dabe urteurrena, hilaren 20an, barikua, hasiko dalako 2021-22 denporaldia. 

Artisten autogestinoan oinarrituta, hamar urtean Bizkaiko arte eszenikoen erreferente bihurtu da aretoa. Sortzaile ugariren habia eta publiko barriak erakarteko tresnea izan da. Hamarkada baten, produkzino propioko 30 proiektu inguru estreinau dira Pabilioi 6n, eta disziplina guztietako beste ikuskizun ugari be hartu ditu oholtzan (jantzea, antzerkia, musikalak...). 

Denporaldi barria indartsu hasteko, abuztuaren 20an Palabrarismos obrea estreinauko dau Pabilioi 6k. Ramon Bareak sortutako proiektu hori berben kontzertu-tzat aurkeztu dabe Pabilioi 6koek, kabaret literarioaren eta antzerkiaren artean dabilen umorezko ikuskizuna. Barearen testuan oinarrituta, Itziar Lazkano da zuzendaria, eta Sara Barroeta, Nagore Navarro eta Iñaki Urrutiak hartzen dabe parte.

Palabrarismos ikusteko aukera zabala izango dau publikoak: egunero egongo da saio bat, 20:00etan; eta domeketan, bi, 12:00etan eta 19:00etan. Hori, irailaren 12ra arte.

Pabilioi 6ko Gazte Konpainiak, harrobia lantzeko aretoaren proiektu nagusia danak, Gris: morirse en Bilbao antzezlana barriro eroango dau oholtzara 2021-2022 denporaldiaren hasieran. Bilboren eraldaketearen inguruko komedia/karaoke horren egilea David Caiña da, eta, aurtengo emonaldietan Ane Pikazak zuzenduko dau. 

Denporaldiko ikuskizunetarako sarrerak salgai dagoz (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu