Bilboko Arte Eder Museoa handitzeko obrak zemendian hasiko dira
2021-08-12 08:36 KultureaLehenengo fasea atzeratuta doan arren, lanak esandako epean amaituko dituela agindu dabe.
Norman Foster arkitektoaren estudioak disenautako Agravitas proiektuan oinarrituta, Bilboko Arte Eder Museoaren itxurea guztiz aldatuko dabe hurrengo urteotan, espazioa handitu eta instalazinoak behar barrietara egokitzeko. Obren lehenengo fasea lehiaketara atera dau asteon museoko zuzendaritzeak, eta zemendian hastea aurreikusi dabe.
Lehenengo fasea, beraz, hasierako proiektuan zehaztu zana baino hile batzuk beranduago hasiko da (irailean ekitea zan asmoa), ia-ia 2021aren amaieran. Atzerapen horrek ez deutso obren epeei eragingo, museoko arduradunen esanetan. Aurreikusitako lez, 2023ko azken hileetan amaituko dabe eraikina handitzeko prozesua.
Lehenengo fasea lau eta sei hile bitartekoa izatea espero dabe, eta 1,2 miloe euro inbertiduko ditue. Estalkiaren saneamendua barritzea, jentearen arretarako puntu barria zabaltzea, irisgarritasuna erraztea eta komunak hobetzea izango dira fase honetako eginkizunak. Obrak martxan dagozan bitartean, publikoak museoa bisitau ahal izango dau.
Norman Fosterrek aurkeztutako proiektuan aurreikusten danez, Arte Eder Museoa goiko aldetik handituko dabe, txapel erako estalki zuri zabal bat gehituta. Horrek guztiz aldatuko dau museoaren gaur egungo itxurea, eta, arkitekto britainiarraren esanetan, lotuago egongo da uriaren ganerako elementuakaz. Ganera, 1945ko eraikin zaharrari barriro protagonismoa emoteko asmoz, sarrera nagusia alderdi horretara eroango dabe.
Handitzeko proiektu osoak 23 miloe euroko aurrekontua dauka. Luis Maria Uriarte arkitekto bilbotarraren laguntzinoa izango dau Fosterrek proiektuan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!