'Bost minutun' antzezlana dakar Txalo konpainiak

Bizkaie! 2021-08-11 09:08   Kulturea

Estreinaldia abuztuaren 12an izango da, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Udarako komedia freskoa preparau dau Txalo Produkzinoak konpainiak, Bost minutun, Andoni Agirregomezkorta eta Itziar Urretabizkaia aktoreak protagonista dirala. Urnietan aurrestreinaldi erako saio bat egin eben arren, estreinaldi ofiziala bihar, abuztuak 12, egingo dabe, Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan. Domekara arte egunero ikusi ahal izango da Gipuzkoako uriburuan, beste herri batzuetatik birea egin baino lehen.

Berez, Argentinatik datorren antzezlana da Bost minutun: Pablo Mir, Marcelo Giglio eta Luis Pennak sortu eben, Entre ella y yo izenburuagaz. Txalok dakarren bersinoa euskeraz da eta Begoña Bilbao dau zuzendari. Oholtzan, aktore bi baino ez, gorago aitatutako Agirregomezkorta eta Urretabizkaia.

Andra-gizon bi eta haurdunaldi-testa aurrez aurre, horixe da komedia honen abiapuntua. Bost minutu luze izango dira, umea izango daben ala ez jakin barik, predictor-ak emoitzea emon arte. Bost minutu luze, ordubete baino gehiagoko antzezlanean kontauta. 

Umorea oinarrian, danetariko gogoetak etorriko jakez burura protagonista biei: bildurra, itxaropena, erantzunkizuna... Benetan nahi dabe umea, ala egoerak behartuta izango dira guraso? Eta andrea ez badago umedun? Bizi leiteke pozik seme-alaba barik? Errealidadearen eta irudikeriaren arteko orekan, zalantza ugari agertuko dira protagonisten ahoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu