Caleidoscopio programea bigarrenez antolatuko dabe Getxon

Bizkaie! 2021-08-10 10:37   Kulturea

Helena Goñi artisteak gidatuta, irailetik urtarrilera egingo dabe.

Argazkigintza garaikidearen inguruko hezkuntza-programea da Caleidoscopio, Getxoko Begihandi alkartearen eskutik datorrena eta Helena Goñi artista bisuala gidari dala. Igazko lehenengo edizinoaren arrakastea ikusita, aurtengo ikasturtean barriro egingo dabe Caleidoscopio, euren lan artistikoan sakondu nahi daben gazteei zuzendua. 

Getxophotoko bultzatzaile Begihandik eta Getxoko Udalak antolatzen dabe Caleidoscopio. Getxoko zein Euskal Herriko 16 eta 25 urte bitarteko artista gazteek hartu leikie parte. Alderdi praktikoa eta teorikoa izango ditu egitarauak, eta aurrez aurreko saioak eta sarearen bidezkoak tartekatuko ditue. Irailean hasi eta 2022ko urtarrilean amaitzea da asmoa.

Argazkigintzea hainbat leku, eremu eta interes gunetatik lan egiteko tresnatzat ulertzea da Caleidoscopioren oinarria: praktika artistikoa, ikerketea, artxiboa, edizinoa, argitalpena, kudeaketea, komunikazinoa eta abar landuko ditue.

Horretarako, Helena Goñiren gidaritzaz gan, nazinoartean irudiaren arloan dabizan hamabost profesionalen jakintzea jasoko dabe ikasleek, tailer, topaketa eta masterclass-en bidez. Banakako tutoretzak be egongo dira, parte-hartzaile bakotxak bere proiektu personala hobetu deian. 

Irailaren 7ra arte emon leiteke izena. Informazino gehiago hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu