Bizkaiko Teknologia Parkearen 35. urteurreneko erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2021-08-09 08:35   Kulturea

Pedro Luis Ajuriagerraren argazkiak Ertzilla kalean ikusi leitekez.

1985ean zabaldu ebenez, igaz 35 urte bete zituan Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak. Urteurrena gogoratzeko, erakusketa ibiltaria antolatu dabe, eta, Leioan eta Abanto-Zierbenan geldialdiak egin eta gero, Bilbo erdigunera heldu da. Irailaren 12ra arte, beraz, Ertzilla kalean egongo da Pedro Luis Ajuriagerraren argazkien bildumea.

Itziar Epalza, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidentea, egon da erakusketearen inaugurazinoan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtogaz batera. Aukera ona da bilbotarrek eta gure urira hurreratzen diranek Parkeen Sareak Bizkaian egiten dauen lana ezagutzeko, adierazo dau Aburtok.  

Burdinaz eta altzairuz egindako hamar monolito ipini ditue Ertzilla kalean, Ajuriagerraren argazkiak formatu handian erakusteko. 20 argazki dira, monolito bakotxean bi. Ganera, testuen eta QR kodeen bidez, herritarrek informazino osogarria eskuratu leikie. 

Argazkiak gaika antolatuta dagoz: Teknologia Parkearen jatorria, ingurunea, industria eta ikerkuntzeari emon deutsan bultzadea, Derio-Zamudioko egoitzatik kanpoko proiektuak... Argazkigintza arkitektonikoan da nabarmena Ajuriagerraren lana, eta nazinoarteko erakusketa eta lehiaketa ugaritan egin deutse autortzea.

Gaur egun, Bizkaiko Teknologia Parkeak 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu Derio eta Zamudioko lurretan, 11.000 behargin baino gehiago. Danen artean 3.300 miloe euroko fakturazinoa dabe urtean, gehienbat zientziaren, teknologiaren, komunikazinoen, barrikuntzearen eta ikerkuntzearen alorretan. 

Bilbon irailaren 12ra arte ikusi ahal izango da Ezagutu non sortzen dan gure etorkizuna izeneko erakusketa hau. Ondoren, Deriora eta Zamudiora eroango dabe, Teknologia Parkea hartzen daben herrietara. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu