EHUko ikasleak Pablo Urangaren artelan bat lehengoratzen hasi dira

Bizkaie! 2021-08-05 08:16   Kulturea

Formatu handiko pinturea da Elgetako ehozketa.

Ikasleak, koadroa lehengoratzeko lanean (argazkiak: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako San Telmo Museoak EHUko Arte Eder Fakultadeagaz egin dauen hitzarmenari esker, Ohol ganeko pinturea zaharbarritzea ikasgaiko laugarren mailako 16 ikasle Pablo Urangaren tamainu handiko obra bat lehengoratzen hasi dira. Aurtengo udan ekin deutse lehenengo faseari, eta datorren urtean segiduko dabe.

Egoera txarrean egon diran eremuetako pintura-geruzea berreskuratu eta sendotu dabe ikasleek, Mario Oceja Vergararen gradu amaierako lanean batzen diran proposamenei kasu eginaz. Datorren urtean, bigarren fasean, lehengoratzea guztiz amaitzea da asmoa.

Pablo Uranga zanaren familiak dohaintzan emon deutso Elgetako ehozketa koadroa San Telmo Museoari. 2,6 metro altu eta 5,23 metro zabal da artelana, formatu handikoa. EHUren arabera, zaharbarritzea udan egin behar izan dabe, tailerraren zati handia hartzen dauelako obreak, eta ikasturtea martxan dala ez dago lekurik. 

Lan honek aukerea emoten deusku formatu handiko eta kalidade tekniko eta artistiko bikaineko obra bat konserbau eta zaharbarritzeko, Konserbazino eta Zaharbarritze Graduko ikasleei prestakuntza osogarria eskainiz, azaldu dau uinbersidade publikoak ohar baten. 

Pablo Uranga Diaz de Arcaya (Gasteiz, 1861-Donostia, 1934) artista arrakastatsua izan zan bere sasoian. Publikoaren eta kritikearen gustukoa zanez, erakusketa ugari egin zituan, eta koadro ugari saldu. Paisajeak eta gai historikoak landu zituan gehienbat. Parisen bizi zanean, beste artista ugari ezagutu zituan, adibidez, Ignacio Zuloaga eta Santiago Rusiñol. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu