Beste bide bat edegi dabe Pou anaiek Perun, espedizinoko hirugarrena

Bizkaie! 2021-08-04 09:04   Kirola

Eskultura perfektu bat igotearen sensazinoa izan dogu, dinoe eskalatzaile gasteiztarrek.

Peruko Mendilerro Zurian aurtengo udan egiten dabizan espedizinoa oparoa izaten dabil Eneko eta Iker Pou anaientzat, edegitako bide barriakaitik, topautako paisajeen edertasunagaitik eta euren eskaladearen garbitasunagaitik. Manu Poncegaz batera joan dira gasteiztarrak Perura, espedizino askotan izaten daben bidelaguna berau.

Oraingo honetan, Súper Canalizos izeneko bidea edegi dabela iragarri dabe, espedizino honetan zabaldu daben hirugarrena. Huanka Punta tontorrera (4.670 m) heltzeko bide barri horri 6c+ mailea emon deutse poutarrek eta Poncek. Sei ordu eta erdiko eten bako ahalegina behar izan dabe 475 metroko bidea osorik kateatzeko.

Hotza pasau daben arren, batez be goizean, eguerditik aurrerako epeltasunari esker bizkor eta gustura egin dabe eskaladea. Eneko Pou ez da bete-betean egon, belaunean min dauelako eta gaixorik ibili dalako azkenaldion, baina hori ez da oztopoa izan. 

Pozik dagoz hiru eskalatzaileak, erabili daben estilo garbiagaitik. Bolt bakar bat be ez dabe ipini, eta friends-ak nahikoa izan ditue igoera osoa egiteko. Beraz, hormea lehengo moduan itxi dabe, euren aztarna barik (friends-ak kendu egiten ditu azkena doan eskalatzaileak). 

Súper Canalizos bidearen berezitasunak aitatu ditue Pou anaiek ohar baten: Kanal sistema bat zeharkatzen dau, sekula ikusi barik egon gara hain kanal handiak. Momentu batzuetan, eskilara handi baten ganean ibili garela begitandu jaku, mailarik maila igoten egongo bagina lez

Halako leku ederrik gitxitan ikusi dabela autortu dabe gasteiztarrek. Guk, batez be, zeozer polita ezagutzeagaitik igoten doguz mendiak, eta kasu honetan, eskultura perfektu bat igotearen sensazinoa izan dogu

Dagoeneko, udako bidaia honetan, hiru bide barri edegi ditue Mendilerro Zurian Pou anaiek eta Manu Poncek, baina oraindino astia dabe ingurua gehiago arakatzeko, eta ez dabe baztertu beste bideren bat igoten ahalegintzea. 

Argazkiak: Pou anaiak eta Alexander Estrada.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu