Babestu programarako sei artista aukeratu ditu Azkuna Zentroak

Bizkaie! 2021-08-03 09:14   Kulturea

Sorkuntza garaikideari laguntzea da ekimenaren helburua. 

Bilboko Azkuna Zentroak antolatzen dau Babestu, sorkuntza garaikideari laguntzeko programea. Lehenengo deialdian aukeratutako artistak lanean dabizan bitartean, bigarren deialdia be zabaldu dau Azkuna Zentroak, eta, aurkeztu diran sortzaile guztien artetik sei hautatu ditu: Ander Perez Puelles, Blanca Ortiga, Jonathan Garcia Lana/Tunipanea,  Lidia Zoilo Gonzalez, Maria Benito Piriz eta Victoria Ascaso. 

Esperientzien, ideen eta ikuspegien trukea eta hurreko sorkuntza-sarea sustatu nahi ditu Azkuna Zentroak Babestu programearen bidez, kultura garaikideari bultzadea eta zabalkundea emoteko. Hortaz, euren proiektuak gauzatzeko laguntzinoa izango dabe bigarren deialdian aukeratutako sei artistek. 

Baliabide materialak, beharrerako espazioa eta aholkularitzea eskaintzen deutsez Babestuk sortzaileei, 6.000 euroko sariaz gan. Programearen babespean, Azkuna Zentroaren programazinoagaz eta ekintza-lerroagaz bat datozen proiektuak landuko ditue artistek, 2022 eta 2023 urteetan. 

Hain zuzen be, Lantegia. Ideien Laborategia dalakoaren barruan sartu dau Azkuna Zentroak Babestu deialdia. Parte-hartzea, sorkuntzea, barrikuntzea, ezagutzea, irisgarritasuna eta aniztasuna dira espazio horren oinarriak, artearen komunidadea bizi daiten, modu edegian. 

Sorkuntzea ez eze, ikerketea eta hezkuntzea be badagoz helburuen artean. Hori dala eta, Azkuna Zentroak martxan ditu hainbat deialdi, arte komisariotzeari lotuak. 

II. Babestu programako artistak:

- Ander Perez Puelles: Ikerketa eta Sormena Artean Masterra, bere proiektuak bideoa irudien eregitzaile lez ulertzearen inguruan kokatzen dira, idazketatik eta eskulturatik landuak.

- Blanca Ortiga: Sortzailea, ikertzailea, bitartekaria; bere praktika artistikoan eskulturea eta performatibidadea buztartzen ditu, gorputzak kontaktu-eremu lez erabilita.

- Jonathan Garcia Lana/Tunipanea: Soinu-ingurunearen inguruan lan egiten dau, eta ikerketa independentean dabil, eguneroko teknologiaren erabilereari esanahi barria emoteko, adierazpen-tresna eta gizarte-eraikuntzako mekanismoa dan neurrian.

- Lidia Zoilo Gonzalez: Artista bisual eta eszenikoa da; Macarena Recuerda Sheperd izengoiti artistikoa erabilten dau sarri.

- Maria Benito Piriz: Bere proiektuak idazketan eta zineman oinarritzen dira, batez be berba idatzian, esandakoan eta kantauan.

- Victoria Ascaso: Ikertzailea da batez be. Horregaitik, bere lana topagune bat da praktika artistikoaren, diseinu espekulatiboaren eta ikerketa akademikoaren artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu