Bost euskal idazleren ganeko azterlana argitaratu dabe Italian
2021-08-03 08:18 KultureaEHUko Laida Taldeak idatzi dau, Rassegna Iberistica aldizkarian.
Italiako mundu akademikoan euskal literaturea hobeto ezagutu ahal izango dabe aurrerantzean, Rassegna Iberistica aldizkarian argitaratutako azterlan sakonari esker. EHUko Laida Ikerketa Taldeak, Jon Kortazar buru, idatzi dau, bost idazleren obrea jorratzeko asmoz.
Bost idazle garaikide, bost emakumezko, dira azterlanerako aukeratutako autoreak: Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Karmele Jaio, Leire Bilbao eta Maixa Zugasti. Italian lehenengo aldiz argitaratu dabe halako azterlan bat.
Hezkuntza Fakultadeko Euskal Literaturako katedradun Jon Kortazarrek azaldu dauenez, euskal literaturearen une honetan, emakume idazleak ahots desbardinak erakusten dabiz eta literatur sistemearen erdigunean dagoz.
Eider Rodriguezek eta Karmele Jaiok sari eta autortza ugari jaso ditue azkenaldion, besteak beste Euskadi Literatura Saria, eta euren liburuak euskerazko salduenen artean dagoz. Katixa Agirrek be irakurleek gustura hartutako makina bat liburu idatziak ditu, gazteentzako zein helduentzako generoetan erreferente bihurtu dalako.
Ume eta Gazteen Literaturan Euskadi Saria irabazitakoa da Leire Bilbao be, gaztelaniazko Kirico sariagaz ganera. Bestetik, Maixa Zugastik genero indarkeriaren gaia zorrotz jorratu dau L.A.A. nobela sarituan.
Euren lana ezagutzera emotean argitaletxeen babes zabala eta harrera orokor ona izan daben emakume idazleen kontzentrazino handi baten aurrean gagozala esan daiteke, azpimarratu dau Kortazarrek.
Bertoko zein kanpoko unibersidadeetan dabizan adituek idatzi ditue azterlaneko kapituluak, Kortazarren gidaritzapean. Santiago Pérez Isasi, Aiora Sampedro, David Colbert-Goicoa, Xabier Etxaniz, Jon Martin Etxebeste, Karla Fernández de Gamboa, Itxaro González Guridi eta Paloma Rodriguez-Miñambres agiri dira autoreen zerrendan.
Rassegna Iberistica aldizkariaren bultzatzailea dan Veneziako Ca'Foscari Unibersidadearen eta EHUko Laida Taldearen arteko hartu-emonak lehenagotik datoz, zentro horren helburuetako bat Iberiar Peninsulako kulturak zabaltzea dalako, euskereari arreta berezia emonaz.
Jon Kortazarren ustez, euskal emakume idazleen inguruko azterlana euskal literaturearen errealidadea gure mugetatik kanpo ezagutzera emoteko interes horren mugarri da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!