Izaban amaitu da 2021eko Urmuga
2021-08-02 08:02 KultureaMendirik mendi Euskal Herriko zeharkaldia egin dabe 19 etapatan, kulturea, musikea eta giro ona lagun.
Amaitu da abuztuaren 13an Urduña inguruan hasitako abenturea, Urmuga zeharkaldiaren bigarren edizinoa. 19 etapa eta 380 kilometro eginda, Izabara heldu dira parte-hartzaileak, Euskal Herriaren beste muturrean. Bidean, natureagaz bat egin ahal izan dabe, eta musikari ezagunen doinuak entzun, egun bakotxeko ahaleginaren truke.
Izan be, kirola eta kulturea buztartzen dituan ekimena da Urmuga. Ebrora eta Kantauri Itsasora doazan urak banatzen dituan lerroa mendebaldetik ekialdera zeharkatu dabe, bidean Euskal Herriko paraje naturalik ikusgarrienetako batzuk ezagutuz. Egun bakotxeko ibilbide gogorra amaitu eta gero, euskal sortzaileen musikaz eta jantzez gozau dabe parte-hartzaileek.
Aurtengo edizinoan, besteak beste, Alex Sardui, Miren Narbaiza, Olatz Salvador, Ekiza, Ruper Ordorika, Maddi Oihenart eta Niko Etxart entzun ahal izan dira Urmugako agertoki naturaletan. Et Incarnatus orkestreak be hartu dau parte kontzertuetako batzuetan.
Azken eguneko ibilbidea, garagarrilaren 31n, Pirinioetan egin dabe, eta Hiru Erregeen Mahaia, Euskal Herriko tontorrik altuena, ezagutu ahal izan dabe ibiltariek. Izaban, Urmugaren amaierea ospatzeko, ospakizun eta ekitaldi ugari antolatu ditue. Mikel Garaizabal enologoak gidatuta, sagardaoa eta gaztaia probetako aukerea egon da, eta bazkaria be egin dabe. Ibilbide osoan lez, Izaban be ez dira musikea eta jantzea faltau izan.
Antolatzaileak pozik heldu dira Urmugaren amaierara, beste behin erronkea bete dabelako, aparteko ezusteko barik. Pandemiak eragindako murrizketak eta ikarak ez dira Urmugara heldu, jente ugarik hartu dauelako parte. Ganera, antolatzaileek ikusi dabenez, Urmugara batu diranek gustuta hartu dabe naturearen eta kulturearen arteko nahasketa berezia.
Argazkiak: Urmuga.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!