Bermeora heldu da II. BBK Artearen Ibilbidea

Bizkaie! 2021-08-02 12:14   Kulturea

Bilboko Arte Eder Museoko obren erreprodukzinoak ikusi leitekez Lameran, hilaren 9ra arte.

Artearen Ibilbidea (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko kostaldeko herrietan egiten dabilen zirkuituaren hurrengo geldialdia Bermeon egingo dau II. BBK Artearen Ibilbideak, gaur, abuztuak 2, hasita. Panel handietan, Bilboko Arte Eder Museoko 36 obraren kalidade oneko erreprodukzinoak ikusi leitekez Bermeon, artelan bakotxaren informazino gehigarriaz gan.

Lameran egongo da Artearen Ibilbideko erakusketea, abuztuaren 9ra arte. Aire zabaleko ekimena da, dobakoa eta librea, egun osoan ikusi leitekez artelanen erreprodukzinoak. Azken baten, Arte Eder Museoko obrak Bizkai osora zabaltzea eta herritar guztiek gozau ahal izatea da helburua.

Aurtengo Museoaren Ibilbiderako 36 artelan aukeratu ditue. Kalidade handiko erreprodukzinoak egin eta panel handietan ipini ditue, obra bakotxari jagokozan argibide eta datu guztiakaz batera. QR kode baten bidez, ikusleak bere gailu eroangarrira deskargau leikez testuak, baita audiogidearen azalpenak be.

ABC Museoaren Alfabetoa erakusketako formatua kalera eroan dau Artearen Ibilbideak: museoan, areto bakotxa letra bati jagoko, eta herririk herri dabilen erakusketan, letra bakotxeko artelan bat aukeratu dabe. Bermeon ikusi leitekez, beraz, bertoko eta kanpoko artista handien lanak: Paul Gauguin, Isabel Baquedano, Sofonisba Anguissola, Grekoa, Agustin Ibarrola, Jesús Mari Lazkano, Menchu Gal, Peter Blake, Aurelio Arteta eta beste asko. 

Garagarrilaren 5ean hasi eban bidea BBK Artearen Ibilbidearen bigarren edizinoak, Ondarroan. Dagoeneko Lekeition, Ean, Elantxoben eta Mundakan egon da, eta, Bermeon hurrengo egunak pasau eta gero, urrira arte segiduko dau herririk herriko bidaia. Hain zuzen be, Bakio da hurrengo geltokia, abuztuaren 9tik 16ra. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu