Bilbo, Eusko Label Ligearen eta Euskotren Ligearen jokaleku San Inazio egunean

Bizkaie! 2021-07-28 10:22   Kirola

Itsasadarrean jokatuko dira XII. eta III. Bilboko Banderea – Bandera de Bilbao, erlojupeko formatuan.



Eusko Label Ligea
eta Euskotren Ligak aurrera doaz egutegian ezarritako bidean eta Bilboko Itsasadarrera helduko dira, erlojupeko formautan jokatuko da eta beraz, emakumezkoen lau traineruak minutu bateko tartean urtengo dabe eta bardin egingo dabe gizonezkoen hamabi traineruak, launa hiru txandatan banatuta.

Aurkezpenean izan dira Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia eta Borja Rodrigo ACTko Presidentea.

Errotetak adierazo dauenez, Bilborentzat, zapatuko kirol-ekitaldia urteko handienetakoa da eta gogorarazo dau lehiaketa horrek aurten be lau protagonista izango dituala, kirola, emozinoa, tradizinoa eta erantzukizuna; alde horretatik, bada, zinegotziak ondokoa nabarmendu dau: osasun-egoereak danok behartzen gaitu, erantzukizunez jokatu behar da, bai norbanakook, bai kolektibo moduan be; indarrean dagoan araudia bete behar duou, koronoabirusa ez daiten zabaldu.

Bestalde, Rodrigok eskerrak emon deutsoz Bilboko Udalari bardintasunaren balioak batzen dituan lehen mailako ekitaldi egonkor baten alde egiteagaitik. ACTko presidenteak itsasadarra estropada eremu lez nabarmendu dau: irudien ikusgarritasunagaitik, uriko kale eta eraikin esanguratsuenen barruan. Azkenik, Borja Rodrigok gogorarazo dau Bilboko Banderea berezia dala, erlojupeko formatuko estropada bakarra dalako.

Jardunaldia 17:55ean hasiko da, Euskotren Ligan dabizen lau traineruakaz, sailkapen nagusian daben hurrenkereari atzetik aurrera jarraituz eta holan lehiatuko dira III. Bilboko Banderea irabazteko. Ohiko ibilbidea egingo dabe, Udaletxearen parean hasi eta Deusturaino helduko dira, uriko lekurik ospetsuenetatik igaroz, besteak beste, Zubizuriren azpitik eta Guggenheim Bilbao Museoaren paretik.

Behin emakumezkoen txandea amaituta, Eusko Label Liga estropadearen momentua izango da. Emakumeen formatu berean, sailkapen nagusiko hurrenkereari atzetik aurrera jarraituz urtengo dabe, lau traineruz osotutako hiru txandatan, Bilboko XII. banderea jokatuz.

Antolatzaileek sanidade-segurtasuneko neurri guztiak beteteko eskatu eta dei egin deutse zaletuei estropadak EiTBren plataformen bidez ikusteko (Telebista, weba eta irratiak), edo lehiaketearen aplikazino edota sare sozial bidez jarraitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu