UPV/EHUren Arboretumeko bilduma geologikoa handitu dabe
2021-07-28 08:37 KultureaIa 7 tonako arrauka bolkanikoa dago ikusgai.
UPV/EHUren Arboretumeko pasealeku geologikoak, Leioa-Erandion dagoanak, bildumea handitu dau beste pieza bategaz: ia 7 tonako arrauka bolkaniko bategaz, hain zuzen be, Astrabuduako obra batzuetan agertutakoa eta Erandioko Udalak dohaintzan emon dauena.
Arboretuma espazio berezia da, herritar guztiei edegitako eremu natural pedagogikoa eta aisialdikoa, eta bertan, interes zientifiko nahiz natural handiko hainbat eremu nabarmentzen dira, besteak beste, bost kontinenteetako zuhaitz eta zuhaixken bildumea; heliosziametroa, denporea Lurrak Eguzkiagazko dauen posizinoaren arabera neurtzen dauena; Bizitzearen Basoa, gorputza zientziari emon deutsen personen omenez; edo anfiteatro bat, espazio parebakoa ekitaldi akademikoak eta kulturalak egiteko. Eta eremu horreen artean, Bizkaiko pasealeku geologikoa be nabarmentzen da, ondare geologikoa konserbau eta gure inguruneko historia geologikoa modu didaktikoan aztertzen dauelako.
Oraintsu, Astrabuduan egindako obra batzuetan agertu zan arrauka bolkaniko bat dohaintzan emon deutso Erandioko Udalak UPV/EHUren Bizkaiko Campusari, izan be, Zientzia eta Teknologia Fakultadeko Geologia Graduko ikasleak urtero joaten dira udalerri horretara, Axpe mendiko arrauka bolkanikoak ikusten. Erandioko Udalak emondako arrauka bolkanikoak mueta guztietako material bolkaniko klastikoak (labearen muobimentuagaitik edo gasen metaketak eragindako leherketa txikiakaitik sortutako bretxak) eta ez bolkanikoak (estrusino bolkanikoa jazo zan lekutik hur egozan arrauken zatiak) batzen ditu.
Erandio berezia da geologiaren ikuspuntutik be. Bizkaian ez da oso ohikoa arrauka mueta hori topetea, baina Erandion bai. Eta Astrabuduko langile auzoaren bihotzean agertu behar eban honek, adierazo dau Aitziber Oliban Erandioko alkateak. Olibanek azpimarratu dauenez, Axpe menditik
datorren arrauka oso bitxia da Euskadiko arrauka bolkanikoen barruan eta ha jarteko lekurik onena UPV/EHUren Arboretuma da.
Esangura horretan, EHUk bere bildumea handituko dau, Iberiar Peninsulea mobiduteko eta Bizkaiko Golkoa eratzen joateko kapaz izan ziran mobimentu tektoniko handien isla dan arrauka bat jarrita, izan be, orain 100 urte Bizkaia oso desbardina zan, gaur egun ikusten dogunagaz konparauta eta pasealeku
geologikoaren hasieran jarritako arrauka horrek denporan bidaiatzen laguntzen dau, azken 215 miloe urteetan gure ingurunea zelan aldatu dan jakiteko; horretarako, hainbat arrauka mueta dagoz bilduman, besteak beste, orain 215 miloe urte baino gehiago gatzezko lakuak lurrunduta sortu ziran igeltsuak,
Urduñatik datozenak edo labe garaietako zepa metakinak, XX. mendearen amaieran Getxon sortutakoak.
Kontuak kontu, orain dohaintzan jasotako arraukeak osotu egingo dau 1988an eratzen hasi zan pasealeku geologikoa, dagoeneko hogei bat pieza batzen dituana eta Arboretuma ikusten joateko beste arrazoi bat izango da: Espazio hau topaleku bihurtzea nahi dogu, bai unibersidadeko kideentzat, bai herritar guztientzat be eta horretarako, hainbat jarduera eta ekitaldi bultzatuko ditugu, espazio benetan erakargarri eta bardinbako honen balioa azpimarratzeko, esan dau Gorka Moreno Bizkaiko Campusaren errektoreordeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!